
ELA eta LAB sindikatuek greba mugagabea deitu dute Aldetu enpresan. Metalaren sektorean lan egiten duen Lemoako (Bizkaia) konpainia hartzekodunen konkurtsoan da, eta lan erregulazio espedientea du martxan, lantalde erdiaren kaleratzea ekarriko lukeena.
Mondragon Taldeko Cikautxo kooperatibak Aldetu erosteko eskaintza egin du. Eskaintzak, ordea, plantilla erdiaren kaleratzea du baldintzen artean, eta hori salatzeko ekin diote grebari beharginek. Sindikatuek ohar bidez adierazi dutenez, Aldetu 2024tik da hartzekodunen konkurtsoan, “zuzendaritza kudeaketa negargarria” dela eta.
“Aldetu likidazio fasean dago gaur egun, eta erosteko eskaintza jaso du Cikautxo S.Coop. enpresaren eskutik. Hala ere, eskaintza horrek plantillaren erdia baino gehiago kaleratzea eta enpleguari eutsi diezaioketen langileen lan-baldintzak okertzea eskatzen du”, diote oharrean. Bihar ekingo diote grebari.