Grebek enpresei "kalte handia" egiten dietela dio Cebekek

Giro politikoaren inguruko kezka areagotu da Bizkaiko enpresen artean. Dena den, 2024ra begira aurreikuspen baikorrak egin dituzte

Argazkia: Cebek Argazkia: Cebek

Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak azaldu duenez, grebek “kalte handia” egiten diete enpresei, eta egun dagoen lan gatazka maila “onartezina” da, “ustezko prekarietateak eta lan baldintza txarrek ez dutelako egoera justifikatzen”. Carolina Perez Toledo patronaleko presidenteak eta Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusiak bart egindako hausnarketak dira horiek.

Atzo, Bilbon, Cebekek ondutako egoera ekonomiko eta enpresa perspektibaren inguruko txostena aurkeztu zuten. Besteak beste, lan absentismoaren arazoaz ohartarazi zuen Perez Toledok, izan ere, Bizkaian %37 handitu da azken urtean.

Halaber, ELAk aste honetan egindako adierazpenei erantzun die patronalak, lan gatazka gehiago izateak ez duela lan baldintzen hobekuntzarekin loturarik argudiatuz.

Inkestaren arabera, giro politikoaren inguruzko kezka asko areagotu da Bizkaiko enpresen artean. Kezka nagusiak lan kostuen eta soldaten igoera eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak dira. Dena den, aurreikuspen baikorrak egin dituzte. Enpresen %74k lantaldea mantenduko dute 2024an, eta %19k handitu. Gainera, enpresen %84k aurten iazko eskari bera edo handiago izango dutela aurreikusten dute.

Gutxieneko soldataren azken igoerari buruz ere mintzatu dira, eta Espainiako Gobernuaren “aldebakarreko erabakia” dela gogoratu du enpresarien elkarteak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK