Greenwashinga: arma berria enpresen arteko lehian

Iberdrolak Repsol auzitegietara eramateak lehen lerrora ekarri du jasangarritasuna marketin tresna gisa erabiltzearen afera

Iberdrolaren egoitza | Argazkia: iStock Iberdrolaren egoitza | Argazkia: iStock

Soka luzea du Iberdrola eta Repsolen arteko harreman txarrak. Bi enpresek negozio eredu desberdinetan dute jatorri historikoa. Ur jauzien bitartez argindarra sortzeko jaio zen Iberdrola.  Aurreko mendearen hasieran, 1901an, Juan Urrutia Zulueta ingeniari arabarrak Hidroeléctrica Ibérica konpainia eratu zuen Banco de Vizcayaren babesarekin, Ebro-arroaren aprobetxamendu hidroelektrikoaren bidez energia sortzeko. 1944an Saltos del Duero enpresarekin bat egin zuen, Iberduero izena ezarriz. 1992an Hidroeléctrica Española eskuratu zuen, egungo Iberdrola enpresa sortuz. Repsol, aldiz, 1987an eratu zen, INH (Hidrokarburuen Institutu Nazionala) erakunde publikoaren menpe petrolioa eta gasa ustiatu eta garraiatzen zuten hainbat enpresa bat eginez. Negozio ildo desberdinak zituzten, hortaz, bi enpresek. Urteek aurrera egin ahala, baina, elkarri lehian hasi ziren bi konpainiak, energiaren alderdi guztiak jorratuz. Hala, Iberdrola gasa merkaturatzen hasi zen eta Repsol argindarra.

Bi enpresen arteko arrakala, ordea, trantsizio energetikoari heltzeko estrategiek areagotu zuten. Iberdrolak deskarbonizaziora elektrifikazioaren bidez, nagusiki, heldu behar zela babesten zuen bitartean, Repsolek auzitan jarri zuen erregai fosilak ahalik eta lehen baztertzeko orokorki onartutako diskurtsoa. Duela urtebete Bizkaiko Parke Teknologikoan Josu Jon Imaz Repsol taldeko kontseilari delegatuak emandako hitzaldi batean, esaterako, “teknologiaren bidez deskarbonizatzeko beharra” aldarrikatu zuen eta ez “ ideologiaren bidez”. Horretarako erregai sintetikoen apustua behar dela nabarmendu du behin baino baino gehiagotan Imazek, atmosferatik zein prozesu industrialetatik CO2 xurgatzen duten erragaiak, hidrogenoarekin nahastuta. Repsolen iritziz, hidrogeno horren ekoizpena iturri berriztagarrietan jatorria duen elektrizitatearekin lortzen bada, erregai hori karbonoan neutroa izango da, erretzen duen beste CO2 xurgatzen duelako. Lan ildo horretan oinarrituta, Petrononorrek, Repsol taldeko konpainiak, ekoizpen gune esperimentala abian jarri du Muskizen (Bizkaia), 100 milioi euroko inbertsioa bideratuz. Hidrogeno berdearena, hain zuzen, Iberdrolaren apustu estrategikoetako bat da. Puertollanon (Gaztela-Mantxan) duen ekoizpen gunea Europa osoan aitzindaria izanik.

Iberdrolak deskarbonizaziora elektrifikazioaren bidez, nagusiki, heldu behar zela babesten zuen bitartean, Repsolek auzitan jarri zuen erregai fosilak ahalik eta lehen baztertzeko orokorki onartutako diskurtsoa

Osagarri ziren bi enpresak, hortaz, lehiakide sutsuak dira gaur egun eta negozio estrategiko askotan elkarren lehian aritzen dira. Energia-komunitate eta autokontsumoarena, esaterako, adibide argia da. Repsol taldeko Edinorrek koska egin nahi dio Iberdrolak lehentasuna hartu duen merkatuari. Bi komunitatetan parte hartzen du Repsol taldeak, Bilboko San Mames estadiokoa eta Iruñekoa zabalgunekoa. Iberdrolak, ere berean, parte hartze nabaria du antzeko hainbat proiektutan, Barakaldoko (Bizkaia) Alazne ikastetxearena kasu.

Etorkizunean estutuko den lehia, baina, gaur egun ere ematen da, eta horren adibide Repsolen multienergiaren aldeko kanpaina da. Erregaien prezioetan deskontu nabarmenak eskaintzen dizkie Repsolek argindarraren hornidura berarekin kontratatzen duten kontsumitzaileei. Estrategia horrek fruituak eman dizkiola dirudi. 2023an Espainiako estatuan Iberdrolak argindarraren negozioaren 188.172 bezero galdu zituen bitartean, Repsolek 246.104 bezero berri irabazi zituen.

Erregaien prezioetan deskontu nabarmenak eskaintzen dizkie Repsolek argindarraren hornidura berarekin kontratatzen duten kontsumitzaileei, eta estrategia horrek fruituak eman dizkiola dirudi

Lehia biziaren testuinguru honetan etorri da Iberdrolak Repsolen kontra auzitegietara jotzearen albistea. Otsailaren 21ean izan zen, Santanderreko auzitegi batean. Konpainia bizkaitarrak konkurrentzia desleiala leporatzen dio Imazek zuzentzen duen enpresari, trantsizio energetikoan lider gisa agertu nahi izatea leporatuta. Iberdrolak argudiatu bezala, Repsolen webgunean hamabost mezu eta hiru kanpaina daude “ greenwashing” gisa ulertu daitezkeenak.

Ekologia eta jasangarritasunaren aldeko mezuak erabilita enpresa baten jokabidea zuritzea deritzo Greenwashingari. Horren adibide enpresa batek bere marketin-irudia posizionamendu ekologiko baterantz bideratzea da, haren ekintzak, berriz, ingurumenaren aurkakoak direnean.  Hori da, hain zuzen, Iberdrolak Repsoli leporatzen dioena, bere negozioaren jarduera nagusiena, gaur egun erregai fosilen kontsumoan oinarritzen delako.

iStock 2087085724
Repsolen gasolindegi bat | Argazkia: iStock

Ohikoa bihurtzean ari den estrategia

Iberdrolako iturrien arabera, Repsol "energia-trantsizioan lider" gisa aurkezten denean, eta klima-helburuekin konprometituta dagoela dionean, bere jarduera gehiena erregai fosiletatik dator. Lehia desleiala egiten ari da, publizitate engainagarria eginez, hau da, legez kanpokoa, kontsumitzaileen hautaketan eragiten duelarik. Energia konpainiak EnpresaBIDEAri argitu dionez, publizitate kanpaina hau bezeroek Repsoli buruz duten pertzepzioa "hobetzen" ari da, modu engainagarrian, eta pertzepzio "oker" horrek bezeroen erabakiei eragiten die, bai gaur egungoei (Repsolera aldatzea erabaki dezakete), bai potentzialei (Repsolen proposamena dezakete Iberdrolarenaren aurretik).

Iberdrolaren arabera, publizitate kanpaina hau bezeroek Repsoli buruz duten pertzepzioa "hobetzen" ari da, modu engainagarrian, eta pertzepzio "oker" horrek bezeroen erabakiei eragiten die

Iberdrolak ohartarazi du geroz eta enpresa gehiago ari direla halako estrategiak erabiltzen, merkatuari eta kontsumitzaileei erakunde jakin bat, edo produktu edo zerbitzu jakin bat, berezkoa baino jasangarriagoa edo ingurumenarekiko errespetuzkoagoa dela helaraziz.

Erresuma Batuan, zigortua

Greenwashing teknikak erabiltzeko araudiak onartu dituzte hainbat gobernuk. Espainiako estatuan, esaterako, kontsumo ministerioak, Greenwashinga ekiditeko gida-liburua aurkeztu zuen aurreko astean. Pablo Bustinduy ministroak nabarmendu zuenez, “jasangarritasun mezuak arinkeriaz” komunikatzeak 100.000 euro bitarteko isunak ekar ditzake. Kasu jakin batzuetan, gainera, isuna altuagoa izan liteke, lau eta sei aldiz artekoa, “legez kontra lortutako etekina kontuan hartuta”.

Gobernuez gaina, publizitatea arautzen duten erakunde independienteek ere zorrotz aztertzen dituzte enpresen kanpainiak, publizitatea sinisgarria izateko. Erresuma Batuan, Advertising Standars Autorithy erakundea da ardura hori duena. Bada bitan zigortu du Repsol Greenwashinga egiteagatik. Hala, bioerregaien kanpaina kentzera behartu zuen Repsol, erregai sintetikoen bidez zero isurketa garbi lortzen dela esateagatik. Espainiako estatuan antzeko teknikak erabiltzea leporatzen dio Iberdrolak Repsoli.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK