• ENPRESAK GAUR
  • Grupo Iruñak eta Universitasek talde berri bat eratu dute ostalaritza sektorean jarduteko

Grupo Iruñak eta Universitasek talde berri bat eratu dute ostalaritza sektorean jarduteko

Stellum Capitalek kudeatzen duen Stellum Food&Tech funtsa arduratu da talde berria sortzeaz. 20 milioi eurotik gorako fakturazioa izango du

Grupo Iruñak Bilboko zenbait ostalaritza establezimendu kudeatzen ditu | Argazkia: vk
Grupo Iruñak Bilboko zenbait ostalaritza establezimendu kudeatzen ditu | Argazkia: vk
2026ko apirilaren 22a - 11:29
Eg. 2026ko apirilaren 22a - 11:31

Grupo Iruña ostalaritza sektoreko enpresa taldeak eta Universitas konpainiak talde berri bat sortu dute ostalaritzaren merkatuan euren posizioa indartzeko asmoz. Stellum Capitalek kudeatzen duen Stellum Food&Tech funtsa arduratu da operazioaz, eta azaldu dutenez, bi erakundeek euren zerbitzu zorroak elkarbanatuko dituzte.

 

Talde berriak 20 milioi eurotik gorako fakturazioa eta 200 bat laguneko lantaldea izango du.

Gauzak horrela, Grupo Iruñako akziodunak talde berriko akziodun bilakatuko dira. Bilbon, 1903an zabaldu zen Cafe Iruña de Bilbao ezagunaren testuingurua sortutako taldea da Grupo Iruña, eta gaur egun ostalaritza establezimendu ugari kudeatzen ditu, besteak beste, BECen, Arriaga Antzokian, Iberdrolaren dorrean edota Bilboko Portuan.

 

Universitasek, bestalde, hogei urte baino gehiagoko ibilbidea egin du jatetxeen sektorean, batez ere unibertsitate eta lan esparruan, eta kafetegiak, jatetxeak eta catering zerbitzuak kudeatzen ditu Bartzelonako inguruko zentro publiko eta pribatuetan.

Grupo Iruñako akziodunek, Amaia eta Gaizka Aseguinolazak, adierazi dutenez, Universitas eta Stellum Capital taldearen hazkunde etapan bidelagun izateko bazkide egokiak dira. “40 urte baino gehiagoko historiak bermatzen du gure lana, eta batasun berri horrek beharrezko dimentsioa eta baliabideak ematen dizkigu kalitatezko ostalaritzan erreferente izaten jarraitzeko", azaldu dute.

Carlos Garza Universitaseko zuzendari orokorrak nabarmendu du Grupo Iruñarekin ondutako aliantza “funtsezko urrats estrategikoa” dela eurentzat. “Gure negozio-ereduen eta bi erakundeen sendotasunaren arteko osagarritasunak aukera emango digu merkatu eta kanal berrietan lehiatzeko, betiere arreta zerbitzuaren kalitatean eta pertsonengan jarriz".