
Goizalde gorabeheratsua izaten ari dira Laudion. Guardian Glass multinazionalak herriko lantegiko labea hozteko prozesua hasteko asmoa zuen gaur, eta goizeko 4:00etan sartu dira plantara fabrikan lan egiten ez duten "kanpoko" langile batzuk. 171 langilek egiten dute lan bertan, eta horietako ugari fabrikaren kanpoaldean elkartu dira enpresaren itxieraren kontra. Jarraian goizean zehar jazotakoak:
14:00 Greba deialdia bertan behera
Astelehenean adostu zuten greba mugagabea egitea langileek, enpresa batzordeak proposatuta, baina bertan behera utzi dute multinazionalak labea hozteko prozesua hasi ostean. Bihar ziren lanuztearekin hastekoak, eta grebaren bidez itzaltze prozesua oztopatzea zuten helburu.
13:00 Pradales kezkatuta eta bazkide industrial baten esperoan
Bruselatik hitz egin du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Kezkatuta dagoela adierazi du, eta nabarmendu du Jaurlaritzak "presio politikoaren bidez" labea itzaltzea "bermeekin" egitea erdietsi duela. Berretsi du lehentasuna dela industriari bultzada ematea eta bazkide industrial berri bat bilatzeko asmoa iragarri du, azpiegiturari bizitza berri bat emateko asmoz. Halaber, langileak babestuko dituztela adierazi du.
Jaurlaritzaren helburua da labea itzalita ere, etorkizunerako erabilgarri izatea. Industria sailak aitortu du interesa agertu duten enpresa inbertitzaile batzuk badaudela eta haiekin negoziatzen hasteko prest dagoela.
11:00 Guardianek labearen hozteari ekin dio
Labearen hoztea goizeko 8:00etan hasi behar bazen ere, atzeratzen joan da goizean zehar. Jaurlaritzaren Industria saileko eta Osalaneko teknikariak iritsi direnean, prozesuarekin ez jarraitzeko eskatu dute. Atzo adostu zituen Jaurlaritzak Guardian Glass-en zuzendaritzarekin prozesuaren baldintzak, eta dirudienez ez ditu bete. Hori dela eta, prozesua eten dute denbora batez. Azkenean, 11:00ak aldera hasi dute hozte prozesua. Maialen Muguruza LABeko ordezkari sindikalaren arabera, Jaurlaritzarekin atzo hartutako konpromisoak bete gabe.
10:00 Inbertitzaile posible bat
Ainize Gastaka Laudioko alkateak adierazi du lantegia erosteko prest egon litekeen inbertitzaile bat badagoela gutxienez. Kanpoko enpresa bat baino gehiagok interesa azaldu dutela gehitu du alkateak. Hein horretan, nabarmendu dute garrantzitsua dela labea modu jakin batean itzaltzea, etorkizunean berriro pizteko aukera egon dadin.
08:00 Guardian-en zuzendaritza, enpresa batzordea eta Eusko Jaurlaritza bildu dira labea itzaltzen hasteko zain
8:00etan hasi nahi zuen Guardian Glassek labea hozteko prozesuarekin. Aurretik, ordea, Jaurlaritza eta enpresa batzordeko kideekin bildu dira lantegi barruan. Labea hozteak kalte "kritikoak" eragin ditzake, enpresaren arabera, eta lantegiaren "segurtasuna" arriskuan jartzen du. Eusko Jaurlaritzako teknikariek prozesua gainbegiratuko dutela adostu dute, atzo egindako bileran lortutako akordioari jarraiki.
04:00 Labea hozteko kanpoko langileak sartu dira Laudioko plantan
Lantegiko enpresa batzordeak jakinarazi duenez, kanpotik etorritako hainbat langile goizeko 4:00tan plantan sartu dira labearen hozte prozesua hasteko asmoz. Batzordeak salatu du labearen itzaltzea Jaurlaritzarekin adosturiko baldintzak bete gabe burutzen ari zela, izan ere, ez zegoen bertan Jaurlaritzako teknikaririk edo ikuskatzailerik. Gerora, Jaurlaritzak baieztatu du euren ordezkariak sartu direla lantegian.
Era berean, enpresa batzordeak deituta, 200 bat pertsona lantegiaren kanpoaldean batu dira protesta egiteko goizeko 6:00tan.