• ENPRESAK GAUR
  • Historiako bigarren udarik onena izan du Guggenheimek bisitariei dagokionez

Historiako bigarren udarik onena izan du Guggenheimek bisitariei dagokionez

478.315 pertsona bertaratu dira museora ekainetik abuztura bitartean, Frantziakoak gailenduta

Bisitariak museora bidean | Argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa
Bisitariak museora bidean | Argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa
2025eko irailaren 1a - 11:33

Guggenheim Bilbao Museoak milaka eta milaka bisitari izan ditu udan zehar, hau da, ekainetik abuztura bitartean. Are gehiago, museoak jakinarazi du bere historiako bigarren udarik onena izan dela bisitari kopuruari dagokionez. Izan ere, 478.315 pertsonek bisitatu dute Guggenheim, iaz baino 4.822 gehiagok.

 

Miren Arzalluzek gidatutako lehen uda honetan, ekaineko eta uztaileko datuek eragin dute bisitarien gorakada: ekainean 117.508 bisitari izan ziren (iaz baino 6.921 gehiago) eta uztailean beste 165.853 bertaratu ziren (iaz baino 3.573 gehiago). Abuztuan, ordea, duela urtebete baino 5.672 bisitari gutxiago izan dira, orotara, 194.954 izan baitira; halere, arestian aipatu bezala, zifra bateratua aurreko urtekoa baino altuagoa izan da.

Publikoari dagokionez, nazioarteko publikoa gailendu da. %78 Espainiako Estatutik kanpokoa izan da: %16 Frantziakoa, %10 Britainia Handikoa, %9 Alemaniakoa, %8 Herbehereetakoa %7 Italiakoa eta %6 AEBkoa. Euskaldunak soilik guztizko bisitarien %4 izan dira, katalanak bezain beste, eta madrildarren kopurua %3koa izan da.

 

Urteko metatuari dagokionez, alegia, urtarriletik abuztura bitartean izan diren bisitari kopuruari dagokionez, Guggenheimek orotara 921.971 bisitari izan diru. Orain arte museoak izan duen daturik altuena da, maiatza, ekaina eta uztaila oso arrakastatsuak izan baitira.