• ENPRESAK GAUR
  • Guraitz, prestakuntza eta teknologiaren bidez bizitzak babesten

Guraitz, prestakuntza eta teknologiaren bidez bizitzak babesten

Gurutze Rodriguez CEO eta erakunde-harremanen arduradunaren esperientzia pertsonal bat izan zen Guraitzen abiapuntua, zeinak Ermuko Izarra Centre zentroan duen egoitza

Lehen sorospenetako prestakuntza eta larrialdietako esku-hartzaileen trebakuntza eskaintzen du Guraitzek, besteak beste | Argazkia: iStock
Lehen sorospenetako prestakuntza eta larrialdietako esku-hartzaileen trebakuntza eskaintzen du Guraitzek, besteak beste | Argazkia: iStock
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko uztailaren 31 - 05:30

Guraitz lehen sorospenetako prestakuntza, larrialdietako esku-hartzaileen trebakuntza eta salbamendurako teknologia garatzen dituen enpresa da. Prestakuntza eskaintzeaz gain, erreskate-lanetan laguntzeko droneak eta irtenbide teknologikoak garatzen ari da, betiere pertsonen segurtasuna eta bizitzak babestea ardatz hartuta. Taldean askotariko profil profesionalak elkartzen dira: Gurutze Rodriguez CEO eta erakunde-harremanen arduradunaz gain, operazio-burua, ingeniariak, merkataritza-arloko profesionalak eta prestakuntzako adituak ari dira elkarlanean. Profil anitzeko talde horri esker, prestakuntza eta berrikuntza teknologikoa uztartzen dituzte.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Behar pertsonal batetik sortutako proiektua

Rodriguezen esperientzia pertsonal bat izan zen proiektuaren abiapuntua: seme txikiari elikagai solidoak ematen hastean kontrako eztarritik sartzeak eragiten zion beldurrak bultzatu zuen enpresa sortzera. “Nik arazo hori banuen, guraso askok ere beldur bera izango zutela pentsatu nuen”. Une hartan ohartu zen lehen sorospenetako ezagutza faltak ziurgabetasun handia sortzen zuela, eta hutsune horri erantzuteko lehen prestakuntza-ikastaroak antolatzen hasi ziren, bereziki familiei zuzenduta.

Enpresa martxan jartzeko bidean, ordea, erronka nagusia ez zen prestakuntza bera izan, administrazio-prozesuak baizik. “Burokrazia izan zen izan genuen zailtasun handiena”, azaldu du Rodriguezek. Fundaeren eta Lanbideren bidez enpresa martxan jartzeko izapide guztiek denbora eta ahalegin handia eskatu zuten. Hala ere, hasieratik argi izan dute euren jardunaren oinarria zein den: “Pertsonak salbatu eta babestea da gure lanaren oinarria”.

 

Prestakuntza berriak eta droneen garapena

Gaur egun, Guraitzek hainbat proiektu ditu martxan. Irailetik aurrera arlo soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiridun ikastaroak eskainiko dituzte, baita segurtasun-zaindarientzako prestakuntza ere. Aldi berean, enpresaren beste ardatz estrategikoa garatzen ari dira: salbamendurako droneen garapena eta balidazioa.

Gurutze Rodriguez: “Pertsonak salbatu eta babestea da gure lanaren oinarria”

Horretarako, duela gutxi Gipuzkoatik Bizkaira lekualdatu dira eta Ermuko Izarra Centre zentroan kokatu dira. Gainera, Ermuko Udalak 33 hektareako lursail bat utzi die droneak probatzeko eta baliozkotzeko. Espazio hori ez dute soilik euren garapenetarako erabiliko; beste enpresa batzuek ere bertan probatu ahal izango dituzte software eta sistema berriak, Guraitzen hardwarean integratuta.

Lehen sorospenetako prestakuntza, gizartearentzat ezinbestekoa

Guraitzen jardueraren oinarrietako bat lehen sorospenetako prestakuntza da. Ikastaroak enpresentzat zein edozein herritarrentzat eskaintzen dituzte. Rodriguezen ustez, ezagutza hori unibertsala izan beharko litzateke: “Lehen sorospenetako prestakuntza eskoletan irakatsi beharko litzateke, haurrek txikitatik ikas dezaten”.

Rodriguezen esanetan, bihotz-biriketako suspertzea (BBB) edo Heimlich maniobra bezalako teknikak ezagutzeak bizitzak salba ditzake. “Pertsona batek BBB bat edo Heimlich maniobra egiten jakingo balu, gaur egun gertatzen diren heriotza asko saihestu ahal izango lirateke”, adierazi du Rodriguezek. Horregatik, prestakuntza sektore guztietara zabaltzea dute helburu, larrialdi-egoeren aurrean herritarrak prest egon daitezen.

Prestakuntzatik harago: salbamendurako teknologia

Prestakuntza eskaintzeaz gain, Ermuko konpainiak teknologia propioaren aldeko apustua egin du. Horixe da, Rodriguezen ustez, sektoreko gainerako enpresetatik bereizten dituena: “Ez dugu prestakuntza bakarrik eskaintzen; babesa eta droneen garapena ere lantzen ditugu”.

Garatzen ari diren droneek helburu argia dute: larrialdietan bizitza gehiago salbatzea eta erreskatatzaileen segurtasuna handitzea. Azken urteetako hondamendi naturalek, uholdeek, lurrikarek edo baso-suteek besteak beste, erakutsi dute teknologia horrek laguntza handia eman dezakeela. “Droneak arriskurik handiena bere gain hartzea nahi dugu, pertsonak arriskutik urrunduz”. Horrela, lehen esku-hartzaileek baldintza seguruagoetan lan egin ahal izango lukete.

Gurutze Rodriguez: “Droneak autonomoak badira eta ez badute piloturik behar, salbamendu-lanak askoz eraginkorragoak eta seguruagoak izango dira”

Mondragon Unibertsitatearen aitortza

Guraitzek jasotako MU ISE Awards sariek bultzada handia eman diote proiektuari. Mondragon Unibertsitateak emandako bi aitortzek, Rodriguezen hitzetan, proiektuaren balioa berretsi dute. “Garrantzitsuena gure proiektuaren balioa aitortu izana da”. Sari horiek sinesgarritasuna eman diote enpresari, eta ate berriak ireki dizkiote erakunde eta bazkide berriekin harremanak sendotzeko.

Gainera, sari horiei esker indarra hartu du euren helburu estrategikoetako batek: software propioa garatzea eta Europako burujabetza teknologikoan ekarpena egitea. “Gure teknologia propioa sortu nahi dugu, gaur egun nagusi den Txinako teknologiatik urruntzeko”.

Etorkizuna: drone autonomoak eta adimen artifiziala

Etorkizunari begira, Guraitzek uste du adimen artifizialak eta droneen autonomia-maila handiagoak erreskate-sistemak goitik behera aldatuko dituztela. Helburua da gailuek gero eta autonomia handiagoz jardutea, gizakiaren esku-hartzea murriztuz eta eraginkortasuna handituz. “Droneak autonomoak badira eta ez badute piloturik behar, salbamendu-lanak askoz eraginkorragoak eta seguruagoak izango dira”.

Horrek bereziki suteetan edo arrisku handiko esku-hartzeetan izango du eragina, arriskurik handiena makinek hartuko baitute eta ez pertsonek. Horixe da enpresaren hurrengo erronka nagusietako bat: droneak eta softwarea etengabe hobetzea, tresna berriak garatzea eta lehen esku-hartzaileei gero eta baliabide eraginkorragoak eskaintzea. Azken finean, Guraitzen helburua ez da aldatu sortu zenetik: prestakuntzaren eta teknologiaren bidez gero eta bizitza gehiago babestea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain