• ENPRESAK GAUR
  • GureVet: Pirinioetan sortu eta Nafarroa osoa gurpilen gainean zeharkatzen duen albaitaritza

GureVet: Pirinioetan sortu eta Nafarroa osoa gurpilen gainean zeharkatzen duen albaitaritza

Teresa Etxarrik sortutako klinika mugikorra landa eremuko animalien zaintza errazteko heldu da. Gaur egun bere ahizpa Judithen laguntzarekin garatzen du proiektua

Teresa eta Judith Etxarri mezkiriztarrak dira GureVet proiektuaren sustatzaileak | Argazkia: utzita
Teresa eta Judith Etxarri mezkiriztarrak dira GureVet proiektuaren sustatzaileak | Argazkia: utzita
leire martinez
Kazetaria
2026eko martxoaren 23a - 05:30

Nafarroako landa eremuan bizi diren pertsonentzat zerbitzuetara iristea ez da beti erraza izaten. Distantziak luzeak dira anitzetan, eta eguneroko behar batzuk konpontzeko kilometro andana bat egin behar izaten da. Horregatik, azken urteotan gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da landa eremuko bizi-proiektuak eta ekimenak ikusaraztea. Helburu horrekin sortu da Rural Bizi, Nafarroako landa eremuan bizi eta lan egiten duten pertsonen istorioak biltzen dituen ekimena. Programa horrek herrietan sortzen diren proiektu berritzaileak ezagutaraztea du xede, eta, aldi berean, landa eremuan bizitzeak eta lan egiteak duen balioa azpimarratzea.

 

Rural Bizi barruan agertzen diren proiektu anitzek erakusten dute landa eremuan bizitza aktiboa eta ekintzailetza posible direla. Anitzetan ekimen horiek inguruko behar zehatz bati erantzuteko sortzen dira. Horren adibide argia da GureVet, Teresa Etxarri albaitariak sortutako klinika mugikorra, Nafarroan herriz herri ibiltzen den klinika animalien zaintza hurbiltzeko.

GureVeten oinarria albaitaritza zerbitzua animalien jabeengana eramatea da. Landa eremuan bizi diren askorentzako, albaitariarengana joatea zaila izan daiteke, klinikak urrun daudelako edo animalia garraiatzeko aukerarik ez dutelako. Egoera horren aintzinean Etxarrik bertzelako eredua plantan ezarri du: klinika mugikor bat. Mezkiriztar honi bertze zerbitzuek nola egiten zuten ikusita sortu zitzaion ideia. “Nire herria Erroibarren dago, 80 biztanle ditu eta ez dago dendarik. Beti heldu dira zerbitzuak furgonetan: okina, arrain-saltzailea… hortaz, pentsatu nuen… Eta zergatik ez batetik bertzera mugitzen al den klinika bat?”

 

Proiektua martxan paratzeko, anbulantzia zahar bat egokitu du Etxarrik, gisa horretan albaitaritza kontsulta bihurtzeko. Barruan beharrezko ekipamendua txukun jarri du: animalien azterketak egiteko tramankuluak, tratamenduak emateko beharrezkoak direnak eta noski, ohiko kontsultak egiteko esparrua. Horrela sortu da GureVet, Nafarroan etxez etxeko albaitaritza zerbitzua eskaintzen duen lehendabiziko klinika mugikorra.

Teresa Etxarri: “Nire herria Erroibarren dago, 80 biztanle ditu eta ez dago dendarik. Beti heldu dira zerbitzuak furgonetan: okina, arrain-saltzailea… hortaz, pentsatu nuen… Eta zergatik ez batetik bertzera mugitzen al den klinika bat?”

Etxarrik berak azaldu digu proiektua sortzeko arrazoia: “Pirinioan beharra bazegoen”. Are gehiago erran digu: “Herri txikietan bizi diren pertsonek anitzetan zailtasunak dituzte albaitaritza zerbitzuetara iristeko, eta hutsune horri erantzun nahi izan diot”.

Hasieran, GureVet batez ere Pirinioetako eta Erroibarko inguruan aritu da lanean. Baina denborarekin eskaera handitzen joan da, eta egun Nafarroako hainbat tokitan eskaintzen du zerbitzua. Proiektuaren hazkundea, neurri handi batean, ahoz aho zabaldu den ospeari esker heldu da. Herrietako erabiltzaile anitzek pozarren baloratu dute zerbitzuaren gertutasuna eta erraztasuna.

image4
Argazkia: utzita

Albaitariarentzat ere lan egiteko modu desberdina da. Kontsultak etxeetan edo animalien ohiko ingurunean egiten direnez, giro lasaiagoa izaten da. Horrek animalien estresa murrizten du, eta azterketak egiteko baldintza hobeak sortzen ditu.

GureVeten diotenez, landa eremuan bizi diren pertsonek ere hirietan dauden zerbitzu berak izateko eskubidea dute, eta horixe azpimarratu digu Etxarrik: “Herrietako jendeak hirietan dagoen zerbitzu bera izatea nahi dut”.

Proiektuak aintzina egin ahala, lana emendatuz joan da, eta horrek eguneroko antolaketan laguntza behar izatea ekarri du. Beraz, etxekoek lagundu diote Teresari. Negozioan Judith Etxarri, Teresaren ahizpa hasi da. Berak, hitzorduen antolaketa eta eguneroko kudeaketa lanetan laguntzen du. Judithen arabera, elkarlan hori oso naturala izan da: “Hasieratik konturatu gara oso talde ona egiten dugula”, azaldu digu.

Azken boladan, proiektuak bertze pauso garrantzitsu bat ere eman du. Zerbitzu mugikorra mantenduz, Teresa Etxarrik klinika fisiko bat ireki du Iruñeko Erripagaña auzoan. Espazio horrek aukera ematen du ekipamendu handiagoa izateko eta beharrezko tratamenduak eta kirurgiak egiteko. Hala ere, klinika berriak ez du GureVeten jatorrizko filosofia aldatu.

“GureVeten eguneroko jardunean gehien artatzen ditugun animaliak zakurrak eta katuak dira, baina landa eremuko testuinguruak bertzelako egoerak ere ekartzen ditu. Batzuetan ardiak, ahuntzak edo zaldiak artatu behar izaten ditugu, eta horrek lanari bizitasuna ematen dio"

Izan ere, proiektuaren oinarria mugikortasuna izaten jarraitzen du. Furgoneta bidezko kontsultek herrietara joaten jarraitzen dute, eta klinika finkoak lan hori osatzen du.

“GureVeten eguneroko jardunean gehien artatzen ditugun animaliak zakurrak eta katuak dira, baina landa eremuko testuinguruak bertzelako egoerak ere ekartzen ditu. Batzuetan ardiak, ahuntzak edo zaldiak artatu behar izaten ditugu, eta horrek lanari bizitasuna ematen dio”, diote Etxarri ahizpek.

Teresa Etxarrirentzat albaitaritza lana oso gertukoa, pertsonala eta hunkigarria dela ere kontatu digu. ”Anitzetan animaliek familiako kide baten tokia hartzen dute eta horrek arduraz eta gertutasunez lan egitea eskatzen du”.

Rural Bizi bezalako ekimenek istorio hauek ezagutarazteko balio dute, eta GureVet bezalako proiektuek landa eremuan sortzen diren ideiek inguruko komunitatearen eguneroko bizitza hobetzeko gaitasuna dutela erakusten dute. Teresa eta Judith Etxarriren proiektuak argi uzten du zerbitzu bat sortzea baino gehiago dela haien lana. Gurpilen gaineko klinika honek bere aletxoa erein du landa eremuko zerbitzuetan eta landa eremuko bizizaleengan.