
2022an euskal startup batean egingo den inbertsio-erronda handiena izan liteke, 12,5 milioi euro jasoko baititu H2Site startupak, Tecnaliak eta Herbehereetako unibertsitate batek sustatutako konpainiak, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Amoniakoa hidrogeno bilakatuko du mintz erreaktorearen bidez.
Euskal startuparen teknologia gas naturala hidrogeno bihurtzeko ere erabil daiteke, azken erregai horrek gaur egun dituen garraio-mugak saihesteko. “Hidrogenoa sortzeko kostuak murrizteari arreta handia eskaintzen bazaio ere, arreta gutxiago jartzen zaio hidrogenoa garraiatzeko kostuak murrizteari. Hidrogenoa garraiatzea lan konplexua da, molekula txikia eta eusteko zaila baita. Egungo konpresio-, biltegiratze-, deskonpresio- eta garraio-soluzioak ez dira ekonomia eta ingurumen aldetik batere eraginkorrak”, azaldu du Andres Galnares H2Site enpresako kideak.
Tecnalia ikerketa-zentroa eta Eindhovengo Unibertsitate Teknikoa duela 13 urte konturatu ziren horretaz eta mintz erreaktore aurreratuak garatu zituzten. Mintz bereziak osatzen dituzte prozesuko etapa bakarreko erreaktoreetan, kostu txikiko hidrogeno berriztagarria ekoizteko. Engieren I+G erakundeak, Crigenek, erreaktorearen bertsio komertziala garatzen lagundu zuen. Jabetza intelektuala H2Site enpresara transferitu zen, teknologia merkaturatu eta garatzeko.
Ordutik, H2Sitek hidrogenoa ekoizteko eta bereizteko unitate horiek garatu ditu. Geruza bikoitzeko mintz inorganikoek bizitza baliagarri luzea eskaintzen dute. Prozesu-unitateetan integratuta geratzen dira, hidrogeno-eramaileak hautsi ditzakete eta hidrogenoa gas naturalaren azpiegituran nahasketetatik bereizi dezake.