• ENPRESAK GAUR
  • Lan eremuan euskara sustatzeko proiektua abiarazi du Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateak

Lan eremuan euskara sustatzeko proiektua abiarazi du Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateak

Egitasmoak Habia du izena, eta bertan parte hartuko dute Txorierri eskualdeko hamabi enpresek, baita Lanbide Heziketako bi ikastetxek ere

Habia proiektuaren aurkezpena | Argazkia: Aideac Comunicacion
Habia proiektuaren aurkezpena | Argazkia: Aideac Comunicacion
2024eko abenduaren 5a - 10:52

Habia izeneko egitasmoa jarri du martxan Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua da euskararen erabilera sustatzea, batik bat, lan eremuan. Arduradunek azaldu dutenez, “enpresei beren ibilbidea diseinatzen laguntzeko eta konpromiso horretara enpresa berriak erakartzeko erronkarekin” abiarazi dute egitasmoa.

 

Proiektuan parte hartzeko konpromiso hartu dute Txorierriko eskualdeko sektore guztietako hamabi enpresek, baita Lanbide Heziketako bi ikastetxek ere. Horretarako lanean aritu dira azken hilabeteotan Ahize-AEK enpresako teknikariekin, hain zuzen, helburu zehatzak zein izango ziren zehazteko. Hala jakinarazi zuten atzo Kultur Birikan (Derio) eginiko aurkezpenean. “Eguneroko lanean euskara erabiltzen duten enpresa sare bat sortu” nahi dutela zehaztu zuten, erronkei batera aurre egiteko eta enpresa berrientzako “eredu eta pizgarri” izateko.

Habiaren aurkezpen ekitaldian izan ziren, besteak beste, Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendaria, Ainara Basurto Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua, Isaac Amezaga aldundiko euskara zuzendaria, Txorierriko alkateak eta Jon Ander Aurrekoetxea Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateko presidentea eta Lezamako alkatea.