• ENPRESAK GAUR
  • 371 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen iaz Haizea Wind Groupek

371 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen iaz Haizea Wind Groupek

Salmentetan %32ko hazkundea izan zuen taldeak urtebetean, 18 milioi euroko irabaziekin

Taldearen lantegi bat | Argazkia: Haizea Wind Group
Taldearen lantegi bat | Argazkia: Haizea Wind Group
2025eko martxoaren 26a
Eg. 2025eko martxoaren 26a

Haizea Wind Groupek 371 milioi euroko diru-sarrerekin itxi zuen urtea iaz, hau da, 2023aren aldean %32ko hazkundearekin. Gainera, esplotazio emaitza gordina (EBITDA) ere 47 milioi eurokoa izan zen; gauzak horrela, enpresaren irabaziak nabarmen handitu ziren: %211 gehiago, alegia, 18 milioi euro.

 

Taldeak lau ekoizpen unitate ditu. Horietako bat da Haizea Bilbao, Bilboko Portuko lantegia; hain zuzen, 2024an amaitu zuten unitatearen handiagotze prozesua, 250 milioi euro inbertitu ondoren, eta taldeak adierazi du “erreferentziazko fabrika” bilakatu dela.

Gauza guztiak ez ziren positiboak izan, ordea. Beste bi gunetan, Haizea Tecnoarandan eta Haizea Grupo WECen, arazoak izan zituen taldeak 2024an, erosleek (turbina eolikoen ekoizleek) izan zituzten arazoak zirela medio. Argentinako lantegia ere saldu behar izan zuen, “herrialdearen egoerak eta erabaki administratiboek asko ahuldu baitzuten merkatu eolikoa 2024ko uztailaz geroztik”.

 

Kontrara, Haizea Breizh izeneko lantegian (Frantzia) ekoizpenari berrekin zaio, helburu izanik Le Tréport eta Noirmoutier proiektuekin aurrera egitea Siemens Gamesarentzat.

Bestalde, taldeak Ecovadis ziurtagiria jaso du Haizea WEC, Tecnoaranda eta Bilboko lantegietan, “jasangarritasunaren estrategiari” jarraiki. Deskarbonizazioarekin eta 2030 Agendarekin “konpromisoa” duela gaineratu du enpresak.