Hamahiru hautagai fabrikazio aurreratu eta digitaleko teknologien berrikuntza sarietarako

Enpresa hautagaietatik sei dira euskaldunak. Zayer arabarrak bi sari lor ditzake, industria 4.0 eta makina-erremintako modalitateetan

Argazkia: AFM Argazkia: AFM

AFM klusterrak Fabrikazio Aurreratu eta Digitaleko Teknologien Berrikuntzaren Espainiako sarien XIV. edizioa antolatu du. Guztira hamahiru hautagai dira, eta lau dira modalitateak: makina-erremintako berrikuntza saria, osagai eta tresnen berrikuntza saria, fabrikazio aditiboaren berrikuntza saria eta fabrikazio aurreratuan industria 4.0ko kontzeptuen txertaketarako berrikuntza saria. Era berean, errekonozimendu berri bat emango dute aurten, start-up berritzaileena ere sarituko baitute, fabrikazio gehigarri eta digitalean ari dena. 

Enpresa hautagaietatik sei dira euskaldunak. Zayer arabarrak bi modalitatetan jaso ditzake sariak, industria 4.0koan eta makina-erremintakoan, hain zuzen ere. Industria 4.0ko horretan dira, era berean, Hodeiak Digital bizkaitarra eta Smartpm gipuzkoarra; fabrikazio aditiboa, berriz, bi gipuzkoar, biak ala biak Azkoitiakoak, zehazki, Ibarmia eta Lagun Machine Tools. Osagai eta tresnen modalitatean, azkenik, Soraluce gipuzkoarra da hautagai.

Erakunde publiko eta unibertsitateetako hamaika ordezkarik osatuko dute epaimahaia. Sari banaketa ekainaren 16an, ostegunean, egingo dute BECen, BIEMH makina-erremintaren biurtekoaren testuinguruan. Enpresak saritzeaz gain, 2021 eta 2022 edizioko AFM-SIF sariak banatuko dituzte, makina-erremintaren sektoreari lotutako gradu amaierako lan onenei.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK