• ENPRESAK GAUR
  • Hamaika Telebistak Gasteizko egoitza itxiko du baliabide ekonomiko faltagatik

Hamaika Telebistak Gasteizko egoitza itxiko du baliabide ekonomiko faltagatik

Hainbat hedabidek jarduera murriztu behar izan dutela salatu du komunikabideak

Hamaika Telebista Bilbon | Argazkia: Wikimedia Commons
Hamaika Telebista Bilbon | Argazkia: Wikimedia Commons
2026ko ekainaren 23a - 18:13
Eg. 2026ko ekainaren 23a - 18:14

Hamaika Telebistak iragarri du uztailaren 1ean Gasteizko egoitza itxiko duela, egoera ekonomikoak hala behartuta. Haatik, komunikabideak argi utzi du proiektua ez dela bertan behera geratuko, eta "lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du. 

 

"Egoitzaren itxiera ez da gertakari isolatu bat. Azken urteetan hainbat euskal hedabidek murriztu behar izan dute jarduera, edo desagertu egin dira, proiektu askok egoera ekonomiko zaila bizi baitute", azaldu du euskal hedabideak, eta azpimarratu du "euskarazko komunikazio-sistemak ahulgune estrukturala" duela. 

Azken urteetan bizitako "eraldaketa sakonari" aurre egiteko komunikabideek dituzten "baliabide ekonomiko oso mugatuak" aipatu ditu komunikabideak, baita euskal hedabideok jarduten dugun merkatu txikia eta euskarazko eduki profesionalak sortzeko baliabide eskasak ere. 

 

Gauzak horrela, Hamaika Telebistak aldarrikatu du euskarazko komunikabideek egiten duten "funtsezko ekarpena hizkuntzaren normalizazioari", eta mahai gainean jarri du "euskal hedabideek duten balio demokratiko handia" ere, tokian tokiko errealitatea landuz, gertuko begirada erabiliz eta errealitatea euskaratik kontatuz. 

"Gasteizko egoitzaren itxierak galdera bat uzten du mahai gainean: zenbateko garrantzia ematen diogu euskaraz informatzeko eta gure errealitatea euskaratik kontatzeko dugun gaitasunari?", galdera luzatu du hedabideak. "Euskal hedabideak ez dira gastu bat; herri gisa egiten dugun inbertsio estrategikoa baizik".