Handi izan nahi zuen auto txikia

Mungiako Munisa enpresak ekoitzi zuen Goggomobil auto txikia 1962tik 1967ra bitartean. Enpresaren asmoa zen ondoren 'benetako' autoak egin ahal izatea, baina ez zuen espero bezain besteko arrakasta izan, tartean trabak topatu baitzituen

1966ko Goggomobil bat | Argazkia: Goggomobil elkartea 1966ko Goggomobil bat | Argazkia: Goggomobil elkartea

18 urte zituen Jose Luis Etxegaray Gangoitik Munisa —Munguía Industrial S.A.— enpresan lan egitera sartu zenean. 1961. urtea zen, eta enpresak ireki berri zituen ateak. Etxegaray, beraz, enpresak izan zuen lehenengotariko langilea izan zen. "Ni Lanbide Heziketa egiten nenbilen, mekanikari lotutakoa, eta etorri ziren esatera jende bila zebiltzala eta apunta gintezela". Bi urte egin zituen fabrikan, muntaketa eta eskulangintzaren espezializazioari lotutako arloan lanean. 

Etxegaray Mungiako motor eta auto klasikoen Goggomobil elkarteko kidea da egun, baita Miguel Martin Zurimendi ere, bigarrena automobilari loturiko historian aditua. "Munisa Beltran y Casado taldearen parte zen", argitu du Martinek. 1930etik Mungiako Botika Zaharrean zuten lantegia, eta lokomotoren trakziorako eta ibilgailuen elektrifikaziorako piezak egiten zituzten. "Talde gisa, automozioari loturiko elementuak ere hasi ziren ekoizten, besteak beste, Gasteizko Imosa —egun, Mercedes— enpresaren DKW furgonetetarako, eta baita motozikleten munduan sartzen ere. Oso talde aurreratua zen, eta oso ondo funtzionatzen zuen", azaldu du Martinek.

1957. urtearen bueltan, taldeko bazkide zen Agustin Beltranek beharra ikusi zuen auto propioa fabrikatzen hasteko. "Dagoeneko DKWren taldean zeudenez, ikusi zuten Frankismoaren bigarren partean jendearen helburua ez zela soilik hozkailua izatea —Frisan hozkailuak ere egiten zituzten—, baizik eta autoa izatea", adierazi du historian adituak.

Mikroautoa, ez autoa

Gasteizko furgonetez harago, Citroenen bizaldikoa, eta Seaten 600a egiten ziren Espainian garai hartan. "Zuk ezin zenituen besterik gabe ibilgailuak ekoitzi. Lizentziak INI industriako institutu nazionalak ematen zituen", plazaratu du Martinek. Kapi Bartzelonako enpresak Glas ekoizle alemanaren Goggomobil ibilgailua ekoizteko lizentzia zuen. "Ez ziren autoak, mikroautoak baizik. Motozikleten industriatik zetozen. Bi aldiko motorrak zituzten, haize bitartez funtzionatzen zutenak. Gasolina eta olioa nahasten zuten. Ez ziren merkatuko punta-puntakoak, baina bai oso fidagarriak eta ekoizteko oso sinpleak", gaineratu du.

Goggomobil katalogoa | Argazkia: Miguel Martin Zurimendi/Goggomobil Elkartea
Goggomobilen katalogoa | Argazkia: Miguel Martin Zurimendi/Goggomobil Elkartea

Beltran y Casadok lizentzia erosi zion Kapiri, eta ibilgailua muntatzeko Munisa jarri zuen martxan, "potentzial industrial handikoa". Lehen lizentzia horren bitartez, benetako auto modeloak ekoizteko atea zabaldu nahi zuten enpresaren jabeek. Garai hartan Mungiako hedapen industriala izaten ari zen, Arteche bezalako enpresen sorrerarekin, eta Lanbide Heziketa "ugari" zegoelako. "Herrian harrera ona izan zuen. Mungian bakarrik hiru edo lau fabrika ziren. Ordura arte, Mungialdean nekazaritzan, baserrietan, aritzen ziren beharrean. Fabrika horretan behar izan ziren 500 edo 600 lagun. Muntatzen hasi zenean, oso inportantea izan zen", esan du Etxegarayk. Orduko 47 orduko lan-astea zuten, astelehenetik larunbat goizera bitartekoa.

Trabak hasieratik

INIk Munisari Goggomobil ekoiztea baimendu bazion ere, zenbait traba ere jarri zizkion hasiera-hasieratik. Batetik, %100ean Espainian ekoitzitako piezekin egin behar zelako, eta horrek zailtasuna zuen. "Talde oso indartsua zenez, lortu zuten hala egitea. Baina makineria mugan geratu zen ia bi urtez", dio Martinek. Bestetik, prezioa egokitu behar izan zutelako. "Munisako arduradunen helburua zen autoa 35.000 pezetatan saltzea, 600ak 90.000 pezetako kostua zuen bitartean. Pentsa zer esaten ari garen: oso antzekoak ziren prestazioei dagokienez, baina Goggomobil hiru aldiz merkeagoa zen. Aldiz, INIk ezarri zuen 53.000 eurotan jarri behar zela salgai, eta 600a 72.000ra jaitsi zuen. Modu horretan, oso prezio antzekoak zituzten", gehitu du. Garaian-garaiko politika industrialaren ondorioak izan ziren, Martinen iritziz.

Munisak eginiko lehen Goggomobila 1962ko urtarrilaren 5ean merkaturatu zen, azkenean, baina ez zuen arrakasta handirik izan. "Ordurako ibilgailua zaharkitua zegoen. Jendeak ez zuen mikroauto bat nahi, benetako autoa baizik"

Munisak eginiko lehen Goggomobila 1962ko urtarrilaren 5ean merkaturatu zen azkenean, baina ez zuen arrakasta handirik izan. "Ordurako ibilgailua zaharkitua zegoen. Jendeak ez zuen mikroauto bat nahi, benetako autoa baizik", azaldu du historian adituak.

Enpresatik, baina, egoerari buelta ematen saiatu ziren. Ordura arteko autoa familientzat bazen, bigarrena profesionalentzat eta banaketarako egiten saiatu ziren, Goggomobila birformulatuta, komertzialagoa izan zedin. "Atzeko partean txapa zuen, eta eserlekua jarri ordez, banketa jarri zuten", adierazi du Martinek. 5.000 ibilgailu inguru zituztenean, 1964an, modelo luzeagoa ere egin zuten, handiagoa, furgoneta antzekoa. Baina bi kasuetan arrakasta urria izan zen, eta salmenta ezagatik pilatu egin ziren.

Itxiera

Goggomobilen azkeneko unitateak 1967an saldu ziren. Ordurako, kaudimen arazoak azaleratzen hasiak ziren. Hori gutxi balitz, Glasek sekulako beherakada izan zuen, produktua harekin norabide berean eramanez. BMWk enpresa erosi zuen, eta horrekin akabo gainontzeko modeloak ekoizteko helburua. Zailtasunak areagotu egin ziren.

Goggomobilen kotxe bat, egun, Mungiako udalean | Argazkia: Miguel Martin Zurimendi/Goggomobil Elkartea
Goggomobilen kotxe bat, egun, Mungiako udalean | Argazkia: Miguel Martin Zurimendi/Goggomobil Elkartea

Ekoizpena etetearekin batera, Beltran y Casado desegin egin zen talde bezala, nahiz eta zenbait lantegik martxan jarraitu, motorren lantegia eta Munisa bera kasu, azken hau bestelako produktuak ekoitzita. Hiru urte gehiago iraun zuen, baina 1970ean guztiz itxi zen.

Orokorrean hartuta, 6.000 auto inguru ekoitzi ziren guztira, nahiz eta berez saiakera 10.000koa izatera iritsi zen. "Pentsa garai hartan bizaldikoen tirada ez zela askoz handiagoa, beraz, zifra interesgarriak ziren. Nafarroko Authirena kontuan hartzen ez badugu, Euskal Herriko serieko ekoizpeneko saiakerarik serioenetarikoa izan da. Esan ohi dugu Detroit euskalduna izan zitekeela. Baina auskalo, agian 1970ko hamarkada okerragoa izan zitekeen", bukatu du Martinek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK