Lau urte igaro dira Bergarako Harixa egitasmoa abiarazi zutenetik, euskara lan munduan indartzeko asmoz. Hura zabaltzea erabaki dute Debagoieneko Mankomunitateak eta eskualdeko udalek, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta beste urrats bat eman zen atzo enpresa eta ekonomia ehuneko bestelako eragileekin Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan eginiko topaketan.
Zehazki, Harixa hitzarmenaren sinadura gauzatu zen, oinarrizko lau konpromiso jasotzen dituena: enpresak Harixa programarako solaskidea izendatzea eta hura zabaltzea langileen artean; diagnostiko laburra bat egitea enpresako hizkuntza egoeraren inguruan, talde teknikoak finkatutako eredua abiapuntu izanik; euskara bultzatzea hitzarmena sinatu dutenen artean, baita euskarazko idatziak onartzea ere; eta urtean zehar egingo diren egitasmoak zehaztu, gutxienez ekintza berri batekin.
Orotara 70 eragilek izenpetu dute hitzarmena, tartean 56 enpresek. Egitasmoa babestu dutenen artean dira Mondragon taldeko hainbat, Fagor Ederlan Group edota Erreka, baina baita eskualdeko beste hainbat enpresa txiki ere. Aholkularitza teknikoan Emun ari da.
"Sareak konektatuko ditugu, askok hornitzaile komunak eta antzeko beharrak baititugu, eta azkenik, ikasitakoa partekatuko dugu Bergarako praktika erabilgarriak eskualde osora zabalduta”, azaldu zuen Ane Albisu Bergarako Udaleko euskara teknikariak.
Debagoieneko Mankomunitateko Lehendakaria den Dorleta Elkorobarrutia Pagoagak "aurrerapauso kualitatibotzat" jo zuen Harixa, eta Bergarako Udalak martxan ipinitako ekimena balioan jarri zuen.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta