Errenteriako Papresa paper fabrika borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu da. Enpresako langile batzordeak azaldu duenez, Donostiako Merkataritza arloko epaitegiaren jakinarazpena jaso dute gaur, eta bertan zehazten da paper fabrika erosteko eskaintza bat dagoela. Espainiako CL Group (Cristian Lay) talde industrialak egin du erosketa eskaintza hori.
CL Groupek jakinarazi du bere helburua dela Papresaren bi jarduera nagusiei eustea: bilgarri eta paketatzea eta prentsa paperaren ekoizpena. Talde horrek lehenago ere egin zuen Gipuzkoako enpresa erosteko ahalegina, hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik, eta, orduan, plantillaren erdia kaleratzeko asmoa azaldu zuen (110 bat langile).
Errenteriako konpainiak likidazio fasean ekin dio konkurtso prozesuari. Orain, 15 eguneko epea zabaldu da, eta paper fabrika bereganatu nahi duen edonork eskaintza aurkeztu ahal izango du epe horretan. Era berean, zorraren hartzekodunek epe hori izango dute epaitegian euren eskubideak defendatzeko.
Langileen batzordeko kideek esan dute “albiste ona” izan daitekeela CL Groupen erosketa, lantegiaren jarduera mantentzeko aukera irakitzen baitu. Dena den, azaldu dute oraindik ez dutela erosketaren gaineko xehetasunik jaso.
Papresak 200 langile ditu egun eta iazko udatik zegoen aurrekonkurtso egoeran. Orain, konkurtsoa martxan delarik, egungo enpresaren jabeari, Quantum Capital Partners inbertsio funtsa alemaniarrari, konpainiaren kontrola kendu diote eta administratzaile bat jarri dute. Administraile horrek kudeatuko beharko du fabrikaren salmenta prozesua.