Hartzekodunen konkurtsoek % 2,5 egin dute behera Hego Euskal Herrian lehen hiru hilekoan

Konkurtsoak Nafarroan igo diren bitartean Bizkaia eta Gipuzkoan behera egin dute. Araban iazko konkurtso kopuru bera aurkeztu dute

EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, Bilbon | Argazkia: Europa Press EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, Bilbon | Argazkia: Europa Press

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak krisiaren eraginei buruzko txostena argitaratu du gaur. Aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian 2022ko lehen hiru hilekoan, iazko data berdinekin alderatuta. Lurraldeka, baina, portera oso ezberdina da. Nafarroan 9tik 22ra igo da konkurtsoen kopurua, % 144 gehiago. Araban 11 konkurtso aurkeztu dira, iazko kopuru bera. Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, iaz baino konkurtso gutxiago publikatu dira. Bizkaian 60 aurkeztu dira, %10 gutxiago eta Gipuzkoan 22, % 31 gutxiago.

Espainiako gobernuak, koronabirusari aurre egiteko neurrien artean, hartzekodunen konkurtsoak aurkezteko luzamendua ezarri zuen 2020an. Pandemiari aurre egiteko murrizketen eraginez egoera latza pairatzen ari ziren enpresei laguntzeko pentsatutako neurria izan zen. Pandemiak aurrera egin ahala gobernuak neurria luzatu zuen. Oraingoan, ordea, neurriak badu mugaeguna, ekainaren 30a.

2019an Hego Euskal Herrian 345 konkurtso aurkeztu dziren. 2020an, Gobernuaren ezarritako luzamenduak kopuru hori 318ra murriztea ekarri zuen, baina 2021ean berriro egin zuen gora. Gobernuak ezarritako luzamendua indarrean bazegoen ere, iaz 387 hartzekodunen konkurtso aurkeztu ziren. 

Konkurtsoak aurkezteko luzamenduari egungo egoera ekonomikoa gehitu behar zaio. Hornidura kateen krisiari eta energiaren kostuaren igoerari Ukrainako gerra egoera gehitu behar zaio. Enpresa askok, txikiak batez ere, marjinei eusteko arazoak dauzkate, eta horrek errentagarritasuna eta kaudimena ezbaian jar lezake. Gainera, interes-tasen igoerak ere kostu gehigarria ekarri die. Litekeena da, hortaz,  testuinguru ekonomikoak eraginda luzamenduen mugaeguna igarota konkurtsoen kopuruak gora egitea.

Espainiako gobernua konkurtsoak arautzeko lege berria prestatzen ari da. Legeak aldaketa nabaria suposatu lezake eta prozesuak azkartzea ekarriko luke. Hala merkataritza-alorreko epaitegietako lan-zama arintzea ekarri lezake legeak, egungo kolapso egoerari aurre egiteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK