• ENPRESAK GAUR
  • Hazi egin da Nafarroatik beste erkidego batzuetara joan den enpresa kopurua lehen hiruhilekoan

Hazi egin da Nafarroatik beste erkidego batzuetara joan den enpresa kopurua lehen hiruhilekoan

'Helbide aldaketei buruzko' txostenean jasotzen denez, Nafarroa da enpresa gehien galdu dituen Espainiako erkidegoa. EAEn, aldiz, joera aldaketa izan da, eta gehiago izan dira iritsi direnak joan direnak baino

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2022ko maiatzaren 26a - 12:30
Eg. 2024ko urtarrilaren 30a - 10:34

Informa D&Bk atzo argitaratu zuen Helbide aldaketei buruzko informea, zeinetan Espainiako erkidego batetik bestera joandako enpresen informazioa jasotzen den. Horren arabera, 2022ko lehenengo hiruhilekoan, Nafarroa izan da enpresa gehien galdu dituen erkidegoa, Kataluniari lehen postua kenduta. Izan ere, beste erkidego batetik hamaika enpresa berri iritsi badira ere, 57 dira foru erkidegotik beste batzuetara joan direnak. Aldaketa nabaria da. Iazko azkeneko hiruhilekoan -1ekoa zen saldoa; orain, ordea, -46koa. Txostenaren arabera, gehienak EAEra, Madrilera eta Kataluniara joan dira, eta etorri direnetan, ez dago joera nabaririk. Edozein kasutan, fakturazioari dagokionez, 9,55 milioi euro gehituko ditu (2020ko datuak hartuz gero).

 

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, berriz, gehiago izan dira iritsi diren enpresak joan direnak baino, eta gehienak Nafarroatik —eta Madrildik— iritsi dira. Bestela esanda, 59 enpresa joan badira ere —gehienak Madrilera eta Kataluniara—, 70 iritsi dira, beraz, saldoa positiboa da, 11koa. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, joera aldatu egin da, saldoa -7koa izan baitzen orduan. Enpresen fakturazioa eta joan-etorriak kontuan hartuta, 153 milioi euro gehituko ditu EAEk (2020ko datuak hartuz gero), bigarren erkidego bihurtuta.

Espainia guztian 1.366 enpresa mugitu dira erkidegoz. Horrek esan nahi du joan den urteko epe berean baino % 14 gutxiagok aldatu dutela sede soziala tokiz. Hala ere, hazi egin da 2021eko azkeneko hiruhilekotik, zehazki, % 21.