Hazi egin da EAEko enpresa berritzaileen kopurua

Eustaten arabera, enpresa guztien % 18,6k egin du berrikuntza 2020an, 2019an baino 0,4 gehiagok. Aldiz, behera egin du jarduera berritzailean egindako inbertsioak

Argazkia: CIDETEC Energy Storage/Euskadiko Parke Teknologikoak
Argazkia: CIDETEC Energy Storage/Euskadiko Parke Teknologikoak
Gasteiz
2021eko abenduaren 30a - 12:30
Eg. 2025eko apirilaren 4a - 17:26

Urtero bezala, Eustatek inkesta egin du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen berrikuntza aztertzeko, eta 2020ko datuak iragarri berri ditu. Horien arabera, erkidegoko enpresa guztien %18,6 dira berritzaileak. Bestela esanda, 0,4 puntu igo da 2019tik. Estatistika Institutuak bi berrikuntza mota aztertu ditu, eta ondorioztatu du % 16,2 negozio prozesuetan izan dela, eta %10,7 produktuetan.

 

Zenbaki hori are handiagoa da soldatapeko 10 langile edo gehiago dituzten enpresetan: 2019an % 30,8k egiten zuen berrikuntza; 2020an, berriz, % 31,4ra iritsi da, alegia, 0,6 puntu igo da. Kasu honetan, negozio prozesuetan % 27,9k berritu du, eta 20,9k produktuan.

Berrikuntzak gora egin badu ere, ez hala I+Gari lotutako inbertsioek. Izan ere, 2019an baino % 3,7 gutxiago inbertitu zen jarduera berritzaileetan 2020an, zehazki, 2.788 milioi euro. Hain zuzen, urte horretan, pandemiak gogor astindu zuen ekonomia, eta ondorioz, enpresen gehiengoa. Hala ere, negozio zifra kontuan hartuta, 2019koaren gainetik dago 2020koa: lehenengoa, %1,59; bigarrena %1,75. Gastu horretatik, % 53,4 barne gastua izan zen, % 14,9 kanpo gastua edo I+Gri lotutako erosketa, eta gainerako % 31,7 beste jarduera berritzaile batzuetara bideratu zen.

 

Dirulaguntza publikoak

Inbertsio guztia ez da enpresaren etekinetatik etorri; berrikuntza egin duten enpresen %26k finantzaketa publikoa jaso du horretarako. Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzak enpresa berritzaile guztien % 17,8k jaso ditu, Foru Aldundienak (hiruak gehituta) % 10,8k, eta toki administrazioenak % 8k. Gainontzekoa, Espainiar Estatuko administrazioak eta Europar Batasunak emandakoak izan dira, % 5,7 eta % 5,5, hurrenez hurren.

Kasu honetan ere, 10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresak soilik hartuta, zenbakiak gora egiten du: % 52,5ek izan du berrikuntzarako finantzaketa publikoa —% 39,1 Eusko Jaurlaritzatik, % 20,8 Foru Aldundietatik eta % 10,5 tokiko administrazioetatik—.

Berrikuntzaren eragozpenak

Egiten den berrikuntzari eta honen finantzaketari buruz ez ezik, inkestak berrikuntzaren oztopoei buruzko informazioa ere jasotzen du, enpresen ikuspuntutik. Emaitzen arabera, % 58k uste du zenbait alderdik zaildu egiten dutela berrikuntza sustatzea. Oztopoen artean nabarmendu dituzte: enpresak beste lehentasun batzuk edukitzea (% 44,8), kostu handiegiak (% 35,8), laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko zailtasunak (% 30) eta lehia handiegia merkatuan (% 29,7).

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain