
Sektorea egituratzeko beharrak larrituta, Nafarroako hainbat nekazari ekologiko biltzen dituen kooperatiba da Hazialdeko, 2018 eta 2020 urteetan zehar sortu zena. “Proiektua abian jarri zenetik, pauso handiak eman dira, eta 15 bazkideetara iritsi gara”, dio Lorea Lizarreta koordinatzaileak. Baztango Erratzu herrian jaioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoan nekazal-ingeniaritza ikasi eta gero, elikadura-prozesuen berrikuntzan, agroekologian eta enpresen kudeaketan espezializatu zen Lizarreta, eta 2021an sartu zen kooperatiban.
Hazialdeko bazkideak lekaleak, garia eta bestelako zerealak ekoizteaz arduratzen dira. Helburua “lurraldeko nekazaritza ekologikoa” bermatzea da, koordinatzailearen hitzetan. Horretarako, Hazialdekok sorospena eskaintzen du “bai produktuen ekoizpenean bai salmentan”.
Izan ere, Hazialdeko sortu baino lehenago egoera bestelakoa zen: "ekoizleen beharrak ez zeuden ongi asetuta: ez zegoen bolumen txikietarako aleak garbitzeko eta biltegiratzeko zerbitzurik eta ez ziren legedi ekologikoaren baldintzak eta kalitatea bermatzen”.
Lan kolektiboa, gakoa
“Sektoreko hainbat eragileen arteko elkarlanean oinarritzen gara, auzolanaren antzeko kolaborazio baten bidez arrakastarako aukerak sustatzeko eta guztiontzat onuragarriak diren sinergiak eratzeko”, dio Lizarretak. Filosofia hori praktikan jarriz, Hazialdekoko kide eta partaideek lan egiteko tresna nagusia “asanbladak” dira.
Lan kolektibo honetan bereziki garrantzitsuak dira kooperatibaren eta produktuak komertzializaziorako entitateen arteko harremanak. Haien artean azpimarragarria da Ekoalde, ingurumenarekin jasangarriagoak diren nekazal-produktuen salmentan murgilduta dagoen erakundea. Lizarretaren esanetan, “Gipuzkoan finkatutako okinak ere daude entitate horien artean”.
Lorea Lizarreta: “Sektoreko hainbat eragileen arteko elkarlanean oinarritzen gara, auzolanaren antzeko kolaborazio baten bidez arrakastarako aukerak sustatzeko eta guztiontzat onuragarriak diren sinergiak eratzeko”
“Horrez gain, kate laburreko merkaturatzea sendotu eta saretu nahi dugu”, zehaztu du Lizarretak. Produktuak ekoizten diren gunetik ahalik eta gertuen kontsumitzea da, izan ere, nekazaritza ekologiko eta jasangarriaren helburu funtsezkoenetako bat.
Erakundeak etorkizunerako plan gisa finkatu du “gobernantza-sistema fintzea eta barnera ongi egituratzea”, besteak beste. “Biltegiratzea hobetzeko moduak garatzeko bidean” ere badira.

Bazkideak, tamainan eta geografian anitzak
Hazialdeko-ren bazkideak enpresa txiki eta ertainak bezala sailkatu daitezkeen ekoizleak edota pertsona fisikoak dira gehienbat. Halaber, “sozietate zibileko elkarte batzuk” ere bereganatzen dituela argitu du arduradunak.
Banaketa geografikoari dagokionez, bazkideak Nafarroa osoan zehar daude sakabanatuta, “Baztanetik Tuteraraino”. Alde batetik, “honek entitatearen lana zailtzen du, klima, erliebe eta beste hainbat errealitate fisiko eta soziokulturaletan lan egin behar dugulako”, esan du Lizarretak. Baina, beste aldetik, “zailtasun hori bera abantaila bihur daiteke, faktore horiei guztietara moldatzen eta horietan ongi murgiltzen ikasteko aukera ematen digulako”.
Produktuak eta antzinako barietateen berreskurapena
Hazialdekoko bazkideek bai giza bai abere kontsumorako produktuak ekoizten dituzte. “Ekoizpenaren %30a giza-kontsumorako zerealek osatzen dute, laurdena lekalez (dilistak eta txitxirioak nagusiki, babarrunak eta bestelakoak neurri txikiagoan) osatzen da, eta gainerakoan bazka, lastoa eta bestelakoak aurkitzen dira”.
“Antzinako barietateen berreskuratzea funtsezkoa da Nafarroako nekazaritza aniztasuna eta ondare genetikoa zaintzeko”
Interes berezia pizten dute antzinako barietateak deiturikoek. Horiek beste barietateengatik pixkanaka ordezkatutakoak dira, kasu batzuetan ia desagertu arte. "Horien artean melona deituriko landarea edo Morado, Tardío eta 3º Morado tomate-motak daude", argitu du Lizarretak, normalean “eskualde edo herri jakin bati estuki atxikituta” daudelarik.
Barietate horiek balio handikoak dira hainbat esparrutan. Bere aburuz, “antzinako barietateen berreskuratzea funtsezkoa da Nafarroako nekazaritza aniztasuna eta ondare genetikoa zaintzeko”. Jasangarritasunari dagokionez, “barietate tradizionalak erabiltzea lagungarria izan daiteke tokiko nekazaritza-sistemen jasangarritasunerako, eskualdeko baldintza espezifikoetara egokituta daude eta”. Bestalde, “labore horiek biodibertsitate-aberastasuna adierazten dute, eta galdu egin daitezke kontserbatzen ez badira”.