• ENPRESAK GAUR
  • "Hazkunde estrategia pertsonen kudeaketarekin lerrokatu behar da"

"Hazkunde estrategia pertsonen kudeaketarekin lerrokatu behar da"

'Bizkaia with the talent'-en lehenengo topaketak talentua kudeatzeari loturiko esperientzietan jarri zuen fokua

Larrauri, Jordan eta Martinez, Lagunilla moderatzailearekin, atzoko mahainguruan | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Larrauri, Jordan eta Martinez, Lagunilla moderatzailearekin, atzoko mahainguruan | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko ekainaren 18a
Eg. 2025eko ekainaren 18a

Einnek, Zunibal eta Mairu Bizkaian kokatutako hiru enpresa oso desberdin dira. Lehenak, 2021ean sortu zenak, ingeniaritza elektrikoko soluzioak eskaintzen ditu, agilean manufacturing metodologia abiapuntu; bigarrenak 30 urteko ibilbidea du, eta hegaluzearen arrantza jasangarrirako buia sistema garatzen du; hirugarrenak, 2020an jaio zenak, egunerokotasunaren parte diren prozesuen digitalizazioan dihardu. Baina bada hiruek ala hiruek antzemandako behar bat: produktuaz gain, pertsonen kudeaketan ere fokua jartzea. Nola egin, hazkundea sustatu bitartean, talentua kudeatzeko?

 

Galdera horri —eta beste batzuei— erantzuteko aukera izan zuten atzo Einnekeko Bazkide eta Pertsonak eta Sistemak Saileko zuzendari Leire Jordanek, Mairuko Giza Baliabideetako arduradun Andrea Martinezek eta Zunibaleko Pertsonen saileko arduradun Zuriñe Larraurik. Izan ere, Pertsonen kudeaketan ibilbide orria izeneko mahai inguruan parte hartu zuten, Leire Lagunilla Bizkaia Talenteko koordinatzaile orokorrak moderaturikoa.

Hiruko solasaldia Bizkaia with the talenten lehenengo topaketan egin zen. Azken hori Bizkako Foru Aldundiak martxan jarritako estrategia da, Bizkaia Talentekin, Orkestrarekin eta hezkuntza, enpresa eta erakundeen esparruko beste 39 eragilerekin batera. Estrategia horren parte dira behatoki bat, sentsibilizaziorako hainbat ekintza, eta gaitzeko programak, besteak beste Ekinbarri, Labo-Talento, Project Experience edo Talent Strategy. Arestian aipaturiko hiru enpresentzat proiektu horietako batzuk gako izan dira egun dauden puntura iristeko.

 

Giza faktorea: motorra

Labo-Talento, adibidez, "begiak zabaltzeko" gako izan zen Zunibaleko Zuriñe Larraurirentzat. Jabetzan aldaketak ematen ari ziren 2021an, eta eraldaketa betean murgilduta zeundenean hasi ziren horrekin lanean. "Baziren zenbait gauza dagoeneko genituela uste genuela. Eta ez zen hala". Lerrokatzeko ez ezik, nora jo zezaketen ikusteko ezinbesteko estrategia izan zen. "Martxan jarritakoa bueltan datorrela ikusi dugu: lehen sarbidea ez genuen programetan sartzea, ahoz ahokoak bere lana egitea eta nora jo jakitea". Mairuko Andrea Martinezentzat "ikasteko eta oinarria sendotzeko" izan da baliagarria, batez ere inprobisazioa baitzuten oinarri pertsonen kudeaketan.

"Hazkunde estrategia pertsonen kudeaketarekin lerrokatu behar da, eta giza faktorea erdigunean kokatu", azpimarratu zuen Einnekeko Leire Jordanek. Pertsonen atala "guztiz estrategikoa" dela defendatu du Larraurik. "Gainontzeko arloak sustengatzen dituen motorra da pertsonena. Teknologiarik punta-puntakoena izan ere ez baduzu talde egokia, ez da atera zitekeen bezain ondo aterako", gaineratu zuen Jordanek.

Zuriñe Larrauri (Zunibal): "Martxan jarritakoa bueltan datorrela ikusi dugu"

Mairukoak, adibidez, defendatu zuen ezinbestekoa dela negozio, pertsona eta marketin eta komunikazio departamentuen arteko lerrokatzea. "Bat-batean negozio partea behar duzu jakiteko nora joan; eta gero marketin eta komunikazio departamentua behar duzu marka enplegatzailearen ikuspegitik. Programak horretaz ohartzen eta lerrokatzen ere lagundu digu".

Lanak duen zentzua

Nola lortu, baina, langileen lotura? "Pertsonek ulertu behar dute euren lanak zentzua duela. Eta liderrak jakin behar du entzuten, galdetzen eta konfiantza sortzen bestelako pertsonek ere lidergoa hartu dezaten". Hori da, besteak beste, Pertsonen departamentuko egitekoa: propositoa lerrokatzea, kontuak desblokeatzea...

Andrea Martinez (Mairu): "Ez da itxaron behar Pertsonen departamentuarekin arazoak izan arte esparru horrekin lanean hasteko"

"Gauzak beste modu batean egiten ausartu behar gara erakundeak", plazaratu zuen Jordanek. Esaterako, elkarrizketak "erdigunean jartzea" ezinbestekoa da Einnekekoaren ustez, "elkarrizketa zailak barne". Martinezen ustez, ez da itxaron behar Pertsonen departamentuarekin arazoak izan arte esparru horrekin lanean hasi eta aldaketak txertatzeko. Lanketa ezak hazkunderako dinamiketan eragina du. "Metodologia izatea ezinbestekoa da. Horrek ahalbidetzen dizu benetan ekintzak gauzatu ahal izatea", gehitu du Larraurik.  

Hazten jarraitu sustraiak galdu gabe

Pertsonen kudeaketan hainbat erronkarekin egiten dute topo. Mairuren kasuan profil espezializatuak topatzea da nagusienetako bat, eta Zunibalek arazo berbera du. "ZTIM bokazioak sustatzeko, lana txikitatik egin behar da, eta ikasle guztiengana hurbildu behar da, emakumeekin lanketa berezia eginik", adierazi zuen Larraurik. Izan ere, ZTIM esparrura gerturatzen diren emakumeen gehiengoak osasungintza esparrura jotzen du. "Mediku eta erizainak behar ditugu, baina baita ingeniariak ere. Aukerak zabaltzeaz ari gara", nabarmendu zuen. 

Ez da, ordea, erronka bakarra: hazi ahala, ez da erraza pertsonen kultura manten dadin lortzea, bere bizitasun guztiarekin. Eta hori nola egin bilatu behar dute.

Leire Jordan (Einnek): "Liderrak jakin behar du entzuten, galdetzen eta konfiantza sortzen bestelako pertsonek ere lidergoa hartu dezaten"

Era berean, bada enpresa txiki eta ertainek pairatzen duten beste arazo bat. Sarri "aldi baterako" enpresatzat jotzen dira, eta batez ere seniorrak diren profilak lortzeko zailtasunak dituzte. "Ikusgarritasuna lortu behar dugu ETEek kalitatezko enplegua sortzen dugula ikus dadin". 

Arestian aipatutako marketin eta komunikazioak rol garrantzitsua joka dezake horretan. Bai Zunibal, bai Einnek lanean ari dira marka enplegatzaile gisa posizionatzeko eta horri ikusgarritasuna emateko. Zunibalen kasuan, adibdiez, webgunean, egiten dutenaz harago, lan egiteko modua islatu eta horri buruz hitz egitea beharrezkoa da Larrauriren ustez. Eta horretarako, ZTIM lanetan ari diren horien testigantzak jasotzea ezinbestekotzat jotzen du. "Nik azaldu dezaket Pertsonen departamentutik eta eragin ona izango du, baina eragin hori askoz handiagoa izango da ingeniari elektronikoak azaltzen badu".

Zuriñe Larrauri (Zunibal): "Nik azaldu dezaket Pertsonen departamentutik eta eragin ona izango du, baina eragin hori askoz handiagoa izango da ingeniari elektronikoak azaltzen badu"

Mairuren kasuan, Talent Strategy amaitzen ari direla, ikasitakoak txertatzeko "lan ugari" dute orain. Aurrera egiten jarraitzeko eta aukera errealak identifikatzeko, elkarlanak rol gakoa izango du.