Hego Euskal Herriko zordun handiek 1.170 milioi euro zor dizkiete aldundietako ogasunei

892 enpresa eta norbanako daude zordun handien zerrendetan, iaz baino 22 gutxiago

892 enpresa daude zordun handien zerrendetan | Argazkia: iStock 892 enpresa daude zordun handien zerrendetan | Argazkia: iStock

Eraikuntzak 2008an izandako porrotaren ondorioz zorretan geratu zirenak jarraitzen dute oraindik ere zerrenden lehen postuan, Lagilur gipuzkoarra buru dutela, 80,2 milioi euro zor ditu, iaz bezainbeste. Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde eraikuntzako enpresaburuak ere nabarmentzen dira Gipuzkoan. 46,5 eta 46,4 milioi euro zor dituzte, 2020an zor zutena baino 15 milioi gehiago.

Bizkaian, berriz, ez da aldaketarik pasaden urtetik, Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburuaren Iurbenor enpresak 52,97 milioi euro zor baitizkio ogasunari. Eraikuntzaren sektorekoak dira beste zordun handi asko ere, tartean, Moldis Echarrok 20,4 milioi euro zor ditu; Abaroak 17,6 milioi; Baensak 11,9 milioi; eta Erostenek 10,6 milioi. Laurek ere iaz baino gehiago zor diote Bizkaiko ogasunari.

Eraikuntzako sektoretik kanpo, Industrias Domesticasek 18,26 milioi euro zor ditu eta Edesak 5,4 milioi. Bestalde, petrolioaren prezioen ondorioz 2020an porrot egin zuen GM Fuel Tank enpresak 37,5 milioi euro zor dizkio ogasunari, orduan baino 17 milioi euro gehiago.

Araban, zordun handien zerrendan 37 ageri dira, iaztik bi atera dira eta berri bat sartu da zerrendan. Zor handiena Ros Casares Valentziako altzairugileak du, 35 milioi euro zor dizkio ogasunari. Haren atzetik doaz Eguren Vitoria aparailu elektronikoen banatzailea, 11,9 milioi euroren zorrarekin; Urko-Urbasa eraikuntza enpresak 11,5 milioi zor ditu; Itcarcrisek 8,6 milioi eta Lendiz 1100ek 5,2 milioi.

Arabako norbanakoen artean Macario Gonzalez ardogintzako enpresaburua nagusitzen da, 5,47 milioi euroko zorra baitu, 2020an baino 150.000 euro gehiagoko zorra.

Nafarroaren kasuan, ogasunaren zerrenda handiagoa da, 120.000 eurotik gorako zorra dutenak ageri baitira milioi bat eurotik gorakoak beharrean.

Orotara, 892 enpresa eta norbanako daude zordun handien zerrendan, iaz baino 22 gutxiago. Hala ere, Euskadiko hiru aldundiek milioi bat eurotik 600.000 eurora jaitsiko dute zordun handien zerrendaren gutxieneko muga datorren urtean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK