
Heroslam enpresaren jatorria 1942. urtean dago, Bilboko Bolueta auzoan, Herramientas de Precisión izenarekin sortu zen enpresa familiar batean, ebaketa-erremintak fabrikatzen zituena. Konpainiak urteetan zehar bilakaera handia izan du; 1973an jabetza langileen esku utzi zuten, eta Eukal Herriko lehenengo lan sozietatea bihurtu zen. 1993an Heroslam izena hartu zuen (Herramientas de Roscado por Laminación izenaren akronimoa), laminazio bidezko hariztatzean espezializatutako erremintetan zentratu zuelarik jarduera. Azkenik, 2023an, gaur egungo kokalekura, Abanto-Zierbenara (Bizkaia), lekualdatu zen. Gaur egun, 80 urteko esperientziarekin, Heroslam erreferente da nazioartean hariztatzeko erreminten sektorean.
Heroslameko langileak enpresaren kapitalaren jabe dira, ondorioz, erabakietan parte hartzen dute eta konpromiso zuzena dute enpresaren etorkizunarekin. “Eredu horrek aukera eman digu egonkortasuna, motibazioa eta elkarlanaren kultura lantzeko, eta horrek zuzenean eragin du enpresaren hazkundean eta lehiakortasunean”, esan du Alberto Gabika Heroslameko zuzendariak.
Gabikaren ustez, enpresa izaera horrek balio handiak sustatzen ditu: arduraz jokatzea, etika, gardentasuna eta etorkizunarekiko ikuspegi partekatua. “Gure langileak ez dira soilik lan egiten duten tokiko parte; proiektu kolektibo baten parte aktiboak dira, eta hori da gure arrakastaren gakoetako bat”.
Enpresaren hastapenak
Enpresaren hastapenak ez ziren samurrak izan; 1940ko hamarkadan, Gerra Zibilaren osteko testuinguruan, baliabide urriekin eta egoera ekonomiko oso zail batean abiatu zen Herramientas de Precisión. Hala ere, langileen konpromisoari, lan gogorrari eta kalitatearekiko exijentziari esker, pixkanaka tokiko merkatuan leku bat egitea lortu zuen.
1973 urtea ere funtsezkoa izan zen: jabetza langileen esku geratu zenean, enpresak erronka handia izan zuen bere bideragarritasuna eta etorkizuna bermatzeko. Langileek lidergo aktiboa hartu zuten, eta talde lanaren kultura sendo baten bidez enpresak indartzea lortu zuten. “Horrek guztiak bidea ireki zuen hurrengo hamarkadetan espezializaziora, berrikuntzara eta nazioartekotzera zabaltzeko”, gehitu du Gabikak.
Mundu mailako erreferente izatea
Heroslamen hariztatzeko erremintak diseinatu eta fabrikatzen dituzte, zehazki, laminazio bidezko hariztatze prozesurako. Prozesu horrek abantaila asko ditu hariztatze tradizionalekin alderatuta; prozesu azkarragoa da, harien kalitatea handiagoa eta piezen erresistentzia mekanikoa hobetzen du.
Bezeroak, batez ere, tornugintzaren sektorean daude, eta automobilgintzaren, aeronautikaren eta energia berriztagarrien industrietarako piezak fabrikatzen dituzte. Horregatik, Heroslamen erremintak oso zehatzak eta errendimendu handikoak izan behar dira. Gainera, azken urteetan material bereziekin lan egiteko soluzio berritzaileak garatzen ari dira, hala nola titanioa edo superaleazioak, batez ere, sektore aeroespazialerako. “Berrikuntza, kalitatea eta bezeroarekin lankidetza estua dira gure eguneroko jardunaren ardatz nagusiak”, zuzendariaren hitzetan.
Alberto Gabika: “Berrikuntza, kalitatea eta bezeroarekin lankidetza estua dira gure eguneroko jardunaren ardatz nagusiak”
Heroslamen erronka nagusia da mundu mailako erreferente bihurtzea laminazio bidezko hariztatze erreminten fabrikazioan. “Gure espezializazioa, esperientzia teknikoa eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa baliatuz, nazioarteko merkatuan gure posizioa sendotu nahi dugu”, adierazi du Gabikak.

Horretarako, funtsezkoa da etengabe berritzea, bezeroen behar espezifikoei erantzuteko soluzioak garatzea eta kalitate gorena eskaintzea. Aldi berean, Gabikaren ustez, taldea motibatuta mantentzea eta gaitasun tekniko handiko profesionalak erakartzea ere ezinbestekoa da, etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko.
Lan sozietate zaharrena
Heroslamen ibilbidean lorpen asko izan dituzte. “Lehenik eta behin, 1973an langileek enpresa eskuratu eta SAL (Sozietate Anonimo Laborala) bihurtu genuenetik egin dugun bidea azpimarratu nahiko nuke”, aldarrikatu du zuzendaria. Gainera, Espainiako Estatuko SAL zaharrena dira gaur egun, eta horrek haien kudeaketa eredu partekaturaren arrakasta eta egonkortasuna erakusten du.
Bigarrenik, sektoreko produktu gama osatuena dute: "orraziak, arrabolak eta tresna planetarioak fabrikatzen ditugu". Horiek guztiak Abanto-Zierbenako instalazioetan bertan ekoizten dituzte, prozesu guztiak barne hartuz, diseinutik hasita eta tratamendu termiko eta estaldura berezietaraino.
Heroslamen fakturazioaren %30 baino gehiago aeronautika sektoretik dator
Estaldura propioak ere garatu dituzte, hala nola GG estaldura, haien erreminten iraupena eta errendimendua nabarmen hobetzen dituena. Beste lorpen garrantzitsu bat nazioartekotzea izan da; gaur egun, 35 herrialde baino gehiagotan dituzte bezeroak, eta haien marka kalitatearen eta iraunkortasunaren sinonimoa da nazioarteko merkatuan.
"Dibertsifikatzeko izan dugun gaitasunaz harro gaude, eta horren adibide da aeronautika bezalako sektore batean sartzeko gaitasuna izan dugula”, dio Gabikak. Izan ere, gaur egun, enpresaren fakturazioaren %30 baino gehiago sektore horretatik dator.
Sektore gorabeheratsuetan
Lan egiten duten sektorea etengabeko aldaketan murgilduta dago, eta horrek etengabe egokitzea eta berritzea eskatzen du. Adibidez, automobilgintzaren sektorea eraldaketa sakonean da (elektrifikazioa dela eta), eta hariztatu beharreko piezen tipologia eta materialak konplexutasun handiagoa dute. Horrek guztiak tresna gero eta sofistikatuagoak, erresistenteagoak eta zehatzagoak eskatzen ditu.

Merkatu berrietan gero eta presenteago daude, eta Gabikaren arabera, horrek esan nahi du lehiakide gehiago eta anitzagoak dituztela; era berean, berrikuntza teknologikoa eta kalitate gorena mantentzera bultzatzen ditu. Gainera, industria aeroespazialaren hazkundeak ere haien jarduera baldintzatzen du, sektore horrek ziurtagiri zorrotzak, trazabilitate osoa eta errendimendu handiko irtenbide teknikoak eskatzen baititu. Azken batean, tresna fabrikatzaile izateaz gain, bezeroekin lankidetza estuan lan egiten duen soluzio hornitzaile bihurtu dira, haien erronka teknologikoei aurrea hartzeko.
Heroslamen fakturazioaren %85 ingurukoa esportazioak dira. 35 herrialdeetan daude
Gabikak dioenez, hazkundea lortzeko funtsezkoak izan dira faktore batzuk. Lehenik eta behin, bezeroarekiko gertutasuna, beraien premia zehatzak ulertu eta horiei erantzun pertsonalizatuak emateko. Bigarrenik, barneko baliabide propioak izatea, hau da, fabrikazio osoa haien instalazioetan egitea, tratamendu termikoak eta estaldurak barne; horrela, kalitatearen eta epeen gaineko kontrol osoa dute. Hirugarrenik, I+G+B inbertsioa, batez ere, estaldura propioetan eta material berezientzako soluzioetan, lehiakideetatik bereizteko. Eta, azkenik, talde profesional konprometitu bat izatea, hain aktibo nagusietako bat izan da.
Heroslamen fakturazioaren %85 ingurukoa esportazioetatik dator, eta, esan bezala, 35 herrialde baino gehiagotan dituzte bezeroak. Lehiakortasun handiko merkatuan dira, non kalitateak, berrikuntzak eta bezeroarentzako balio erantsia bereizgarri nagusiak diren.
Edonola ere, azken urteetan, merkatuak konplexutasun handiagoa du; material berriak, hari-espezifikazioa zorrotzagoak eta trazabilitate osoa eskatzen dira. “Horrek gure gaitasun teknikoa eta malgutasuna funtsezko bihurtzen ditu”, gehitu du Gabikak.
Zazpi milioi euroko fakturazioa
2024an enpresak fakturazio errekorra hautsi zuen, 7 milioi euro inguru lortuta. Urte horretan, sektore aeroespazialaren gorakadak eta nazioarteko merkatuetan izan zuten sendotasunak emaitza oso positiboak ekarri zizkien.

2025erako, ordea, aurreikuspenak apalagoak dira, hainbat arrazoi direla medio; alde batetik, automobilgintzaren sektoreak Europan bizi duen krisiak zuzenean eragiten die, bezero garrantzitsuenetako batzuk sektore horretan baitabiltza, eta, beste aldetik, Estatu Batuetako merkatuan dagoen ziurgabetasun politiko eta komertzialak kalte egin die, batez ere, muga-zergen ondorioz. “Trumpen administrazioaren neurriek gure esportazioetan eragina izaten ari da; kontuan hartuta AEB gure merkatu estrategiko nagusietako bat dela, egoera horrek aurten gure fakturazioan nolabaiteko murrizketa ekar dezake”, aitortu du. Hala ere, dibertsifikazioaren eta sektore aeroespazialean duten presentzia gero eta handiagoaren bidez, enpresaren helburua da epe ertainera berriro hazkunde ibilbideari eustea.
Beste 80 urte bizitzeko
80 urteko ibilbidea izatea harrotasun eta erantzunkizun iturri handia da; Heroslam esperientzia handiko enpresa da, sektorean know-how tekniko sendoa pilatu duena. “Gure historiak erakusten du egokitzeko gaitasun handia izan dugula, bai bezeroen behar aldakorretara, bai merkatuaren erronketara”, adierazi du Gabikak. Gainera, krisi garaietan, eta ez dira gutxi izan 80 urte horietan, enpresak batuta egoten jakin izan du, bazkide-langileen konpromisoari esker. “Gure pertsonek interes kolektiboak norbanakoen gainetik jarri dituzte, oinarri sendoarekin, eta egunero hobetu nahi duen erakundea gara, kudeaketa arlo guztietan”. Etorkizunari konfiantzaz begiratzen diote, eta haien helburua da beste 80 urte irautea, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoarekin.
“Gure historiak erakusten du egokitzeko gaitasun handia izan dugula, bai bezeroen behar aldakorretara, bai merkatuaren erronketara”
Etorkizunari begira, Heroslamen hainbat erronka estrategiko ditu, eta horiek dira haien eguneroko jardunaren norabidea zehazten dutenak. Helburu nagusia da mundu mailako erreferente bihurtzea laminazio bidezko hariztatze-erreminten fabrikazioan, kalitatean eta errendimenduan oinarritutako eskaintzarekin. Horretarako, Gabikaren esanetan, beharrezkoa da berrikuntza teknologikoan sakontzea, bereziki material berriak, estaldura aurreratuak eta prozesu adimenduak garatuz. Horrekin batera, nazioarteko presentzia handitzen jarraitzea, merkatu berriak irekiz eta egungoetan sendotuz, eta aeroespaziala bezalako sektore zorrotzetan haien posizionamendua finkatzea dute xede.
Dena den, erronka nagusietako bat da lan sozietatearen kultura berezia mantentzea, langileen parte hartzean eta konpromisoan oinarritua, eta belaunaldi berriei balio horiek transmititzea.