Hine Groupek Valladolideko NH Beco enpresa erosi du

Olaberriko konpainiak sistema eta osagai hidraulikoak ekoizten ditu, eta hainbat ekoizpen planta ditu nazioartean

David Becoechea (NH Beco) eta Lander Guibelalde (Hine Group) | Argazkia: utzita
David Becoechea (NH Beco) eta Lander Guibelalde (Hine Group) | Argazkia: utzita
2026ko uztailaren 1a - 16:39
Eg. 2026ko uztailaren 1a - 16:45

Hine Groupek Valladolideko (Espainia) Neumatica Hidraulica Beco enpresa erosi du. Sistema hidrauliko, neumatiko eta elektromagnetikoen banaketan, fabrikazioan eta erreparazioan diharduen enpresa da NH Beco. 1981ean sortua, 60 laguneko lantaldea du egun, eta 2025ean 11 milioi euroko fakturazioa izan zuen.

 

Hine Grupek ohar bidez adierazi du eragiketa hau bere hazkunde estrategiaren parte dela, aukera emango baitio Espainiako merkatuan presentzia areagotzeko. Olaberriko (Gipuzkoa) enpresak iaz Polonian ireki zuen lantegi berri bat (Hine Polska), Europa zentro eta ekialdeko merkatuan ere bere posizioa sendotzeko.

“NH BECOren erosketak aukera bikaina ematen digu gure bezeroengandik hurbil hazten jarraitzeko. Eragiketa hau guztiz bat dator gure plan estrategikoarekin, hazkunde organikoa eta ez-organikoa uztartuz eta dibertsifikazioaren aldeko gure apustua indartuz. Zerbitzuaren garrantziari, ezagutza teknikoari eta pertsonekiko konpromisoari buruzko ikuspegi oso antzekoa partekatzen dugu”, adierazi du Lander Guibelalde Hine Groupeko zuzendari orokorrak.

 

1974an sortua, Hinek soluzio hidraulikoak eskaintzen ditu, eta ekoizpen plantak ditu Euskal Herrian, Espainian, AEBetan, Brasilen, Indian, Txinan, Mexikon eta Polonian.