• ENPRESAK GAUR
  • Hitzarmena lortu dute EAEko sukaldaritza kolektiboko langileek

Hitzarmena lortu dute EAEko sukaldaritza kolektiboko langileek

25 urteko negoziazioen ostean, "hitzarmen historikoa" lortu dutela adierazi dute ELAk eta LABek. Sektoreko langile batzuk estreinakoz izango dute lan hitzarmen propioa

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026eko otsailaren 23a - 17:34

“Hitzarmen historikoa” sinatu dutela jakinarazi dute gaur ELAk eta LABek. Izan ere, 25 urteko negoziazioen ostean, sukaldaritzako kolektiboko langileek lan hitzarmen propioa izatea erdietsi dute.

 

Iazko udan bi sindikatuek iragarri zuten mahaia eratu eta sektorerako hitzarmen propioa lortzeko negoziazioak berrabiatuko zituztela. Sektoreak 11.000 langile inguru ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horietatik, jantoki publikoetan aritzen direnek hitzarmen propioa dute. Aitzitik, arlo pribatuan eta itunpekoan daudenei probintziako edo Espainiako estatuko ostalaritza ituna ezarri diete orain arte. 5.300 bat langile dira azken horiek eta aurrerantzean hitzarmen propioa izango dute.

Bi sindikatuek azaldu dutenez, %35erainoko soldata igoerak izango dituzte langileek, eta lanaldia 1.592 ordura murriztuko da. Zehazki, Gipuzkoan 74 ordu murriztuko da urteko jarduna eta 154 Araban eta Bizkaian. Halaber, lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoa arautu eta dagozkion langileak subrogatu egingo dira, eta eguneko gutxieneko lanaldia ezarriko da.

 

Antzinatasuna ere arautuko du hitzarmen berriak, % 3,5ko balioa duten hirurtekoak ezarrita. Horrekin batera, lan istripuen eta lanbide gaixotasunen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa %100era igoko da, eta %75era gaixotasun arruntaren kasuan.

Adostutako hitzarmena 2025etik 2032ra egongo da indarrean.