Hizkuntzak eta enpresak, denak bat

Baionako Santizpiritu auzoan gune berri bat sortu dute, Jakinola hizkuntza-eskola eta Conquistadors.io formakuntza-egitura biltzen dituena. Euskara eta enpresak, toki bakarrean

Jakinola Conquistadors espazioa | Argazkia: Aitor Sagarzazu Jakinola Conquistadors espazioa | Argazkia: Aitor Sagarzazu

Ipar Euskal Herriak bizi duen etxebizitza-krisiak ezusteko elkarlanak ere badakartza. Baionan topa dezakegu adibideetako bat, Aturri ibaiaren eskuineko ertzean, Santizpiritu auzoko Alsazia-Lorrena etorbidean. Urte hasieran ireki zituen ateak Jakinola-Conquistadors.io espazio berriak. “Formakuntza-polo” izendatu dute euren burua: hizkuntzak ikasteko edota enpresen garapen-digitalean sakontzeko tokia, besteak beste, euskara edota euskal enpresen kultura erdigunean jarrita.

Jakinolak abiatu zuen desmartxa. 2019tik zuten lokala txiki gelditu zitzaien eta leku berri baten bila hasi ziren. Oriane Ayestaran bertako langilea da. “Hasieratik, gure ametsa izan da hizkuntza eta kurtso desberdinetako ikasleak ber lekuan elkartzea, izan frantsesa ikasten duen migrante bat, euskara ikasten duen profesional bat edo japoniera ikasten duen gazte bat. Denak elkarrekin izatea, eta bakoitzak ditugun burbuila sozial horiek haustea”. Zeuden lokalean hori ezinezkoa zela ikusirik, beste habia baten bila hasi ziren; Santizpiritun betiere, auzoaren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bultzatzeko.

Oriane Ayestaran: “Hasieratik, gure ametsa izan da hizkuntza eta kurtso desberdinetako ikasleak ber lekuan elkartzea, izan frantsesa ikasten duen migrante bat, euskara ikasten duen profesional bat edo japoniera ikasten duen gazte bat"

400 metro karratuko lokal bat atzeman zuten, baina argi zuten bakarrik ezin zutela alokatu. Eta hor sartu zen jokoan Conquistadors.io start-up teknologikoa. Euskara ikasteko newsletter bat bazuten elkarrekin, eta Camille Mathis sortzaileak Baionan gune bat irekitzeko asmoa erakutsi zuen. “Nahiz eta arlo numerikoan lan egin, giza-harremanak maite ditugu, eta pedagogia aldetik, jendea aurrez aurre izatea eraginkorragoa da. Hurbiltasuna bilatzen genuen, baita ikusgarritasuna ere, eta Jakinolako jende jatorrarekin egoteko parioa egin dugu”.

Jakinola batetik…

Hizkuntzak ekosistematzat hartzea da Jakinolaren filosofia, Ayestaranen hitzetan. “Naturan bezala, gizarte bat arrunt homogeneoa baldin bada, eta denok ber hizkuntza eta kultura baldin baditugu, gauza asko galtzen ditugu. Beharbada antzu bilaka gaitezke. Horregatik, hizkuntza-aniztasunak dakarren aberastasunari balioa eman nahi diogu”. Auzoko migrazio-hizkuntzak sustatzeko lan egiten dute, euskararen alde egiten duten indarraz baliatuta.

Kanpotik
Zentro berria kanpotik | Argazkia: Aitor Sagarzazu

Euskara eta frantsesa irakasten ditu Ayestaranek. Ikusten duenez, hizkuntzekiko interesak goiti egin du azken urteetan. “Gero eta ikasle gehiago dugu, gehienbat euskararentzat. Irrigarria da, bi aldetako jendea heldu zaigulako: batetik, erretreta hartzen duen jendea, hizkuntzetan formatu nahi duena bidaiatzeko edo jakin-minagatik, eta bestetik, egunerokoan hizkuntza berri baten beharra dutenak, familia- edo lan-kontuak tarteko”.

Oriane Ayestaran: "Irrigarria da, bi aldetako jendea heldu zaigulako: batetik, erretreta hartzen duen jendea, hizkuntzetan formatu nahi duena bidaiatzeko edo jakin-minagatik, eta bestetik, egunerokoan hizkuntza berri baten beharra dutenak, familia- edo lan-kontuak tarteko”

Justuki, enpresen aldetik ere euskararekiko hurbilketa izan dela ohartu dira Jakinolan, ikasle-kopurua “kasik doblatu” egin baitzaie urtebetean. Bereziki, banakako klaseak ematen dituzte, langileek trebatzeko gogoa agertzen dutelako, baina enplegatzaileek ere sustatzen dituzte formakuntzak. Ayestaran: “Enpresaren helburuaren arabera hautatzen dute hizkuntza. Sokoa aulki-enpresan, adibidez, nahi dute langileek euskara ikastea markatzeko enpresa tokikoa dela. Ondoan, Ikeako langileek ingelesa ikasten dute, helburua baita nazioarteko trukeak erraztea”.

Conquistadors.io bestetik…

Mugaz gaindi trebatzeaz anitz daki Conquistadors.io start-upak. Enpresagintza eta mundu digitala uztartzen dituzte, Bidasoaren bi aldeetan: badituzte Donostian eta Hendaian bulegoak, eta orain Baionarekin beste urrats bat egin dute. “Mugaz gaindiko enpresa-ekosistema batean sinesten dugu, eta horregatik, Euskal Herri osoko enpresariak bultzatu nahi ditugu beste aldean gertatzen dena hobeto ulertzera. Ezezagutza handia dago”, azaltzen du Mathisek.

Conquistadors
Conquistadors | Argazkia: Aitor Sagarzazu

Duela lau urte hasi zuen ibilbidea Conquistadorsek, enpresa berrientzako inkubagailu edo azeleratzaile moduan. Tresnak eta harremanak eskaintzen dizkiete Euskal Herriko enpresei haien garapen digitalerako. Mathis: “Eguneroko jarraipena egiten dugu: gure campusetara etor daitezke lanera, adituak jartzen ditugu webguneak edo marketin-kanpainak egituratzeko, eta aholkulari papera betetzen duten beste enpresari batzuek laguntza ematen dute”. Horrez gain, saretzea errazteko ekitaldiak antolatzen dituzte eta inbertsoreak bilatzen ere laguntzen dute. “Iparraldeko sektore pribatuan ez du beste inork halakorik eskaintzen”.

Camille Mathis: “Eguneroko jarraipena egiten dugu: gure campusetara etor daitezke lanera, adituak jartzen ditugu webguneak edo marketin-kanpainak egituratzeko, eta aholkulari papera betetzen duten beste enpresari batzuek laguntza ematen dute”

300 ekintzailetik goiti iragan dira Conquistadors.iotik orain arte, eta hizkuntzarekiko sentiberatasuna garatu dute. “Benetako dinamika bat sortu nahi badugu, lortu behar dugu mugaren bi aldeetako lagunek elkarrekin enpresak sortzea, eta horretan, hizkuntzak eragin handia du. Trantsizioa ahalik eta naturalen egiteko beharrezkoa da”. Mathisek dioenez, harreman ugari sustatu dituzte Ipar zein Hego Euskal Herrian, eta arrakastatsua izan da. “Zinez maite dugu!”

… eta are indartsuago elkarrekin

Hasieran antza handirik ez zutela uste bazuten ere, bi egiturak zerbitzuak partekatzen aritu dira ia urtebetez. Jakinola elkarte izatetik enpresa izatera iragan da, Conquistadorsen laguntzarekin, eta alderantziz, Conquistadorsi laguntza eman dio Jakinolak hizkuntza arloan lantzen eta trebatzen. Sinergiak, beraz, eman ditu lehen fruituak, eta haien irudiko, “aski osagarriak” dira.

Jakinola Conquistadors 2
Jakinola Conquistadors | Argazkia: Aitor Sagarzazu

Lokala partekatzearekin elkartrukea beste maila bat igo da, Ayestaranen aburuz. “Toki berean izateak erran nahi du, konkretuki, haien enpresetara hurbiltzea errazago zaigula, klase batzuk emateko edo bederen hizkuntzaren gaineko gogoeta eramateko beste profesional batzuekin. Mundu horretatik arrunt urrun den jendearekin ere bai”. Mathis ere bat dator. “Enpresarientzako hizkuntza-kurtsoak eskaintzea bikaina da, eta muga pasatzeko beste modu ugari ere bila ditzakegu elkarrekin, ekitaldi edo bidaia antolatuekin. Zinez, ekintzailetza eta hizkuntzak bultzatzeko aukera paregabea izan liteke”.

Camille Mathis: “Enpresarientzako hizkuntza-kurtsoak eskaintzea bikaina da, eta muga pasatzeko beste modu ugari ere bila ditzakegu elkarrekin, ekitaldi edo bidaia antolatuekin"

Aurrerantzean, lokala ez ezik, erronkak ere partekatuko dituzte Jakinolak eta Conquistadors.iok. Ayestaranek ondorioztatu du: “Erronka da gero eta jende gehiago hurbiltzea, eta argi izatea Baionan ere badela formatzeko leku bat, izan dadin hizkuntzetan edo enpresan. Modu desberdinetan formatzeko leku bat, guztiak aitzinera eramaten dituena. Erreferentzia leku bilakatzea da gure asmoa, eta horretan gabiltza”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK