Hondarribiko (Gipuzkoa) Udalak azpikontratatutako zortzi lorezainek greba mugagabea hasi dute gaur, Hondarribia Lorezaintza azpikontratazio enpresak lan hitzarmena aplikatzeari uko egin diolako. Hala azaldu du ELA sindikatuak, zeinak jakinarazi duen 2023an hainbat hilabetez greban izan zirela langileak, harik eta urte hartako abuztuan akordioa erdietsi zuten arte.
2024ko uztailean hitzarmen kolektiboa izenpetu zuten, baina orain sindikatuak salatu du azpikontratazio enpresa ez dagoela prest hura betetzeko. Egoera “jasanezina” dela salatu du ELAk, eta hori dela eta, jo dute grebara, langileen “lan eskubideak errespeta daitezen”.
Langileek hainbat kontzentrazio antolatu dituzte egunotan. Bihar goizeko 11:00etan herriko udaletxe parean elkartuko dira. Urriaren 20,21,22 eta 23rako ere mobilizazioak iragarri dituzte.