Donostiako Okendo kaleak duen etengabeko joan-etorri bizkorren eta zarataren artean, bada lasaitasuna eta isiltasuna bere barnean sentitzea eskaintzen duen leku eder bat: Hontza liburu denda. Atea zabaldu, bertan sartu eta denbora gelditu egiten dela dirudi liburuen usainen artean. Ez da ohiko sentipena bizi garen gizartean; bada, ordea, izateko modu baten erakusle.
Lau hamarkada baino gehiagoz irakurle, idazle, argitaletxe zein banatzaile belaunaldi desberdinen bidelagun eta elkargune bilakatu da. Irakurtzeko ohituren aldaketetara, erosteko moduetara zein pertsonen eta liburuen arteko harremanetara etengabe egokitzeko gaitasuna erakutsi du. Pertsiana zabalik mantendu duen salmenta gune bat baina gehiago bihurtu da.
Dendako apaletan dute jasota liburuaren historia eta eboluzioa. Hontzako bazkideen ahotsetatik entzuten dira sektorearen iragana eta oraina. Beren kontakizunetan nabari da duten ezagutza, pasioa eta liburuen unibertsoa ulertzeko modua. Berrogei urte baino gehiagotan lan egiteko izan duten eredu propioaren erakusle izan dena.
Pasartez betetako lau hamarkada
“Gure bizitza laboral ia osoa hemen egin dugu”, nabarmendu dute Esther Moyuak eta Ramon Tatiegik liburu dendako arduradun eta bazkideek. Lehen eguna ez dute gogoan, baina badute sentsazioa lehen asteetan eta hilabeteetan oso handi gelditzen zitzaiela negozioa. Gaur egun teknologia oso lagungarria da liburuen kudeaketarako eta pentsaezina egiten zaie ordenagailurik gabe funtzionatzea. Hasiera haietan, ordea, guztia buruz jakitera behartuta zeuden.
Liburu bakoitza non kokatzen zen jakitea oso garrantzitsua zen. Liburuen fitxak banaka, eskuz, egiten zituzten: titulua, egilea, argitaletxea, banatzailea, data eta prezioa bertan zeuden jasota. Gaur egun liburu kopuru handiagoa jasotzen da, eta lehengo erara hori guztia kudeatzea ezinezkoa iruditzen zaie, “imajinaezina”.
Esther Moyua eta Ramon Tatiegi: “Gure bizitza laboral ia osoa hemen egin dugu”
“Eskerrak Anton Apaolaza zegoela, Hontzako lehen bazkidea”, ekarri dute gogora. Apaolazak zuen urteetako esperientzia oso lagungarri egin zitzaien hasiera hartan. Bere babesean ikasten joan ziren, eta, orduz geroztik, ia konturatu ere egin gabe, berrogei urte baino gehiago igaro dituzte liburu dendaren kudeaketan.
Sektorearen aldaketak
Denbora, pertsona eta liburu asko pasa dira liburu dendatik. Ezin guztiaz oroitu; baina gogoan dute, ordea, nola liburu batzuk iritsi ahala lehen egunean eta astean izugarri saltzen ziren. Irakurleak liburua salmentan ipintzen zen eguna iristeko zain egoten ziren: “Gaur egun pentsaezina da hori”, azpimarratu dute.
“Gauza bat izugarri aldatu dena bat-batekotasuna da. Lehen paketeak astean behin edo bitan jasotzen genituen”, zehaztu dute. Eskaerak ere astean behin egiten zituzten; eta lau, bost edo sei egunera iristen ziren eskari horiek dendara. Bestelako erritmo eta kodeetan mugitzen zen gizartea.
Garai hartan ez zen azalera handiko saltokirik gaur egun bezala, eta, ondorioz, jendea prest zegoen zain egoteko. Gaur egun, ordea, gizartea ez dago prest liburu baten zain egun bat edo bi egoteko ere. Askoz ere azkarrago doa bizitza, hori da gizartearen isla: “Presaka eta bat-batean bizi gara eta horretan asko aldatu da sektorea”.
Sektorearen afera desberdinei aurre egiteko gai izan dira, tartean azalera handiko negozioei. Horiek, bestseller deritzon liburuak saltzen dituzte, hau da, salmenta asko ekartzen dituzten liburuak. Fenomeno horrek sektoreko balio katean izan du eragina, handiak handiagoak eginez eta txikiak txikiago. Hontzaren filosofia, ordea, bestelakoa izan da, eta oreka bilatu dute salmenta handiak eta salmenta txikiak ematen zizkieten liburuen artean.
"Gauza bat izugarri aldatu dena bat-batekotasuna da. Lehen paketeak astean behin edo bitan jasotzen genituen”
“Guk fondoko liburuei garrantzia handia eman diegu, horien aldeko apustua egin dugu eta horretan sinetsi dugu. Guk uste dugu funtzionatu duela”. Eskaintza hori izatea balio erantsi bat bilakatu da, eta, horrek, gainera, sektoreko katebegi guztietan eragin positibo izan du. “Etekin ekonomikotik harago gure hurbileko gizartean zein kulturan gure aletxoa ipintzea ahalbidetu digu. Hautu hau gure nortasunaren erakusle da, azalera handietatik bereizi gaituena”.
Argi izan dute, ordea, Donostiaren ezaugarriak dituen hiri batean ezinezkoa dela fondoko liburuekin bakarrik bizirautea. Oreka mantendu behar da, eta, Hontzan, lortu dute. Bere momentuan zailtasunak sortu zizkien horrek, baina beti lortu dute formula desberdinen bidez aurrera egitea.
Euskarazko liburuak ere maitasun handiz tratatu dituzte, eta euskal egileak Hontzatik pasa direnean beti topatu dute atea zabalik eta apaletan lekua. Liburuak jaso eta salgai ipini dizkiete, behar zuten horretan laguntzeko prest azaldu dira beti. “Badira idazleak hemen liburuak uzten hasi eta argitaletxe handiekin lan egitera iritsi direnak. Asko poztu gaitu horrek eta gure nolakotasunaren isla da hori”.
“Guk fondoko liburuei garrantzia handia eman diegu, horien aldeko apustua egin dugu eta horretan sinetsi dugu"
“Hiria ere asko aldatu da”, baieztatu dute. Inguruko herrietatik eta Euskal Herritik jende asko etortzen zen Hontzara: “Egun pasa etortzen ziren larunbatetan”, argitu dute. Asteburuko planaren parte zen liburu dendatik pasatzea; liburuak erosi, autoan utzi eta Alde Zaharrean buelta bat eman. “Hori aldatu egin da, galdu egin da. Orain beste herrialdeetako jendea da gehien etortzen dena hirira”, zehaztu dute.

Etorkizunerako ateak zabalik
Sektorearen erronka horiei guztiei ondo egindako lanaren eta kudeaketa egokiaren bitartez erantzun diete. Gertukoak izan dira, entzuteko eta laguntzeko prest egon dira beti. Talde egonkor bat izaten saiatu dira, eta, horrek, urteetan zehar eskaini duten zerbitzuan kalitatea bermatzea ekarri die. Makinek eman ezin duten hori eskaintzeko gai izan dira eta beren filosofiari ere tinko eutsi diote. Beti izan dute argi beren norabidea, baloreak, nortasuna eta identitatea.
Teknologiaren garapenak zein liburu elektronikoek ez dute lortu papera jatea eta hori “erreala” da. Duela 50-60 urte etxeetan ez zegoen libururik; orain, aldiz, etxe guztietan aurki daiteke libururen bat. Irakurri, formatu desberdinetan bada ere, inoiz baino gehiago irakurtzen da. Dena aldatu da: gizartea, ohiturak, bizitzeko eta erosteko moduak. “Guk uste dugu liburu denda fisikoentzat lekua badela inoiz baino konektatuago dagoen egungo gizartean. Gakoa espazioak partekatzea da, oreka topatzea”.
Hontzak balio erantsia eskaini du lau hamarkada baino gehiagotan. Kultura sustatzeko lekua izan da, transmisiorako bitartekari, sozializaziorako toki eta pertsonen arteko elkargune. Finean, mugarik gabeko topagunea bilakatu da. Euskal kulturaren oasi txikia. Guztiona eta guztiontzako irekia.
“Guk uste dugu liburu denda fisikoentzat lekua badela inoiz baino konektatuago dagoen egungo gizartean. Gakoa espazioak partekatzea da, oreka topatzea”
Aurrerantzean pertsiana itxita izango badu ere, apal eta liburuen artean mantenduko da bere esentzia. Okendo kaleko denda norbaitek zabalduko zain, izan ere, Donostian bada espazio bat liburu denda batentzat. Liburuaren historia idazten jarraitzeko aukera zabalik da.