• ENPRESAK GAUR
  • HRE Automation: belaunaldi berria, ezagutza partekatuagoa, betiko gertutasuna

HRE Automation: belaunaldi berria, ezagutza partekatuagoa, betiko gertutasuna

Etapa berri bati ekin dio Elgoibarren kokatutako HRE enpresak. Puntu horretara iristeko, baina, atzetik lan handia egin dute, orain arte funtzionatu duenari eutsi ahal izateko bidea topatzeko

HRE Atuomationen untaiak egiteko planta | Argazkia: utzitakoa
HRE Atuomationen untaiak egiteko planta | Argazkia: utzitakoa
IMG 0321
Kazetaria
2026ko urriaren 19a - 05:30
Eg. 2026ko urriaren 19a - 09:43

HRE Automation fluidoen bidezko automatizazio soluzioetan 40 urtetik gorako esperientzia duen enpresa da, eta sistema hidraulikoetan, lubrifikazio industrialean eta eusteko sistemetan espezializatuta dago. Oinarrian, haien bezeroei laguntzen diete beren makinen eta instalazioen bizi-ziklo osoan. “Makineria-fabrikatzaile batekin lan egiten has gaitezke, oraindik premia jakin bat nola konpondu pentsatzen ari denean: irtenbiderik egokiena bilatzen laguntzen diogu, diseinatzen dugu, osagaiak hautatzen ditugu, sistema fabrikatzen dugu eta martxan jartzen parte hartzen dugu”, argitu du Esther Velascok, HRE Automationeko gerenteak.

 

Izan ere, lana ez da amaitzen ekipoa entregatzen dutenean. Makina batek urte askotan funtziona dezake, eta, denbora horretan, bezeroarekin jarraitzen dute: mantentze-lanak egiten, instalazio zaharrak modernizatzen, energia-eraginkortasuna hobetzen, elektronika eta teknologia berriak txertatzen edo ekipoak digitalizatzen eta monitorizatzen, gerta daitezkeen arazoei aurrea hartzen.

HRE Automation fluidoen bidezko automatizazio soluzioetan 40 urtetik gorako esperientzia duen enpresa da

Hori guztia egiteko, lehen mailako nazioarteko partner teknologikoekin aritzen dira. Bestela esanda, soluzioak emateko abiapuntu dute bazkide horien ingeniaritza, eta industriari eta bezero bakoitzaren behar zehatzei buruz duten ezagutza. Horrekin batera, HREren beste zati oso garrantzitsu bat prestakuntza da: ekipo didaktikoak diseinatzen eta fabrikatzen dituzte Lanbide Heziketarako, unibertsitateetarako eta enpresetarako, eta profesionalak prestatzen dituzte teknologia horiekin lan egin dezaten.

 

Belaunaldi aldaketa

HREren jarduera arestian aipatutako paragrafoetan laburbildu daiteke. Aitzitik, azken urteetan lan handia egin dute orain gutxi abiatu duten etapa berri bati hasiera eman ahal izateko, jardueraz harago joan dena. Izan ere, enpresa barrutik ondo baino hobeto ezagutzen zuen Jose Angel Alberdi HRE Automationeko bazkideak, ia ibilbidea profesional osoa enpresan egin ostean, etapa profesionala itxi du. Eta puntu horretara iristeko transferentzia lanketa nabaria derrigorrezkoa izan da.

Erreleboa prestatzen ari zirenean konturatu ziren HREren balioaren zati handi bat pertsona batzuengan zegoela, eta ez zela inongo prozeduratan edo datu-basetan agertzen. Ezagutza tekniko kritikoaz ari gara, bai mantentze-lanetakoa, bai ingeniaritzakoa, baina baita ezagutza komertzialaz, urteetan eraikitako harremanez, aurrekontua egiteko irizpideez, arazoak konpontzeko moduez edo, besterik gabe, zerbait gertatzen denean nori deitu jakiteaz. “Transfer K-k aukera eman digu ezagutza kritiko hori identifikatzeko, lehenesteko eta modu sistematikoan lan egiteko, erakundetik desagertu aurretik transferitzeko”, esan du Velascok.

Belaunaldi aldaketak erantzukizun eta lidergo aldaketa nabarmenak dakartza

Hori bakarrik ez: belaunaldi aldaketak erantzukizun eta lidergo aldaketa nabarmenak dakartza. "Orain, ereiten joan garen guztiaren fruituak egiaztatzeko unea iritsi da. Ilusio handiz eta errespetu handiz ekingo diogu etapa berri honi. Kontua ez da aurrekoa haustea, baizik eta 40 urte baino gehiagoko esperientzian oinarritzea, datozen urteetako HRE garatzen eta eraikitzen jarraitzeko”, esan du Velascok.

Horrek eskatuko du, hain zuzen ere, zuzendaritza-eredu partekatuago baterantz, eta autonomia eta erantzukizun handiagoko erakunde baterantz eboluzionatzen jarraitzea. Gainera, zuzendaritzak adierazi duenez, Transfer K metodologia ez da erreleboarekin amaituko, eta aurrerantzean ezagutza kudeatzeko ohiko tresna gisa erabiliko dute. 

Negozio-lerro eta balio proposamen berriak

Azken trantsizioak negozioaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa izan badu ere, aipatzekoa da lau hamarkada baino gehiagotan metatutako ezagutza industrial horri buruz negozio-lerro eta balio proposamen berriak gehitu dituztela, dagoeneko erakundearen orainaldiaren parte direnak. 

Horietako bat Manex da, mantentze industriala eredu digital, prebentibo eta ezagutzan oinarritutako baterantz eboluzionatzearen aldeko apustua. “Enpresei lagundu nahi diegu, ez bakarrik makina bat konpontzen huts egiten duenean, baizik eta informazioa, ezagutza eta beharrezko tresnak izaten instalazioak hobeto mantentzeko eta arazoei aurrea hartzen”, adierazi du Velascok.

Beste ildo bat HRE Green da, eta horrekin industria eraginkorrago eta iraunkorrago batera bideratutako teknologiak eta soluzioak txertatu dituzte: energia-kontsumoaren murrizketa, fluido berriak eta industria-prozesuen ingurumen-inpaktua murriztea ahalbidetuko duten teknologiak.

Esther Velasco: “Enpresei lagundu nahi diegu, ez bakarrik makina bat konpontzen huts egiten duenean, baizik eta informazioa, ezagutza eta beharrezko tresnak izaten instalazioak hobeto mantentzeko eta arazoei aurrea hartzen”

Halaber, digitalizazioa, datuak eta adimen artifiziala ere modu naturalean sartzen ari dira erakundearen soluzio eta zerbitzuetan, betiere premisa batetik abiatuta: teknologia erabiltzea industriaren benetako arazoak konpontzeko eta haien bezeroentzat balioa sortzeko.

Beraz, HREn industria negozioa finkatua dago gaur egun, 40 urte baino gehiagoko esperientziarekin eta ezagutza tekniko oso espezializatuarekin. Eta aldi berean, negozio berriak ezagutza horretatik eta industrian behar berriak antzemateko gaitasunetik sortu dira. “Ez dira bi HRE desberdin. Bilakaera naturala da onak garen horri eustea eta, hortik, gure bezeroei balioa emateko modua zabaltzen jarraitzea”, gehitu du Velascok.

Hastapenetan oinarri duten sustraiak

Bilakaera natural horri eusteko bidea hasiera-hasieratik topatu du HREk. Enpresaren jatorria 80ko hamarkadako lehen urteetan dago. Elgoibarren sortu zen enpresa, Hydraulik Ring izenarekin, Hydraulik Ring GmbH Alemaniako konpainiaren Espainiarako ordezkaritza gisa. Hasieratik oso lotuta egon ziren hidraulikarekin eta industriarekin, Debabarreneko ingurunean, non makina-erremintak eta industria-jarduerak pisu handia zuten.

“Bada zerbait bitxia gure historian: gaur egun HREren ezaugarritzat jotzen ditugun jarduera batzuk oso goiz hasi ziren. Adibidez, 1985ean lerro didaktikoa abiarazi genuen, oleohidraulika eta elektrohidraulika irakasteko ekipoak garatuz eta fabrikatuz. Hau da, gure sorreratik ia industria eta ezagutzaren transmisioa elkarrekin bizi izan ditugu”, esan du Jose Angel Alberdik, HREko bazkide ohiak.

Jose Angel Alberdi: “Bada zerbait bitxia gure historian: gaur egun HREren ezaugarritzat jotzen ditugun jarduera batzuk oso goiz hasi ziren. Adibidez, 1985ean lerro didaktikoa abiarazi genuen, oleohidraulika eta elektrohidraulika irakasteko ekipoak garatuz eta fabrikatuz"

Inflexio-puntu garrantzitsu bat 1997an iritsi zen, Parker Hannifinek Hydraulik Ring GmbH erosi zuenean. Orduan, HRE Hidraulic, S.L. izena hartu eta Parkerren osagai hidraulikoen gama banatzen hasi ziren. Horri esker, teknologiak, bezeroak eta negozio aukerak handitu zituzten.

Hortik aurrera, aliantza eta gaitasun berriak gehitu zituzten. Iritsi ziren lubrifikazio industriala, finkatze-sistemak, entsegu-banku zorrotzetan aplikatzeko soluzio hidraulikoak, I+G+b proiektu berriak, ingeniaritza propioaren garapena, produktu eta zerbitzu berriak, etab. "Pixkanaka eboluzionatuz joan zen hasierako delegazio tekniko hartatik gaur egun garen enpresaraino", mahaigaineratu du bazkide izandakoak.

HRE Automationen Becold soluzioa | Argazkia: utzitakoa
HRE Automationen Becold soluzioa | Argazkia: utzitakoa

“Lau hamarkada baino gehiagoko perspektiba ikusita, uste dut HREren historia eboluzio historia izan dela beti. Industria aldatu ahala egokitu gara, teknologia berriak sartuz eta aukera berriak bilatuz, baina beti oinarritu gara hasieratik presente egon den zerbaitetan: ezagutza teknikoan eta industriarekiko dugun hurbiltasunean”, adierazi du Alberdik. Horrekin batera, mugarri nagusitzat jo du enpresak ziklo ekonomiko, krisi eta eraldaketa teknologiko desberdinetara egokitzen jakin izana, nortasuna galdu gabe.

Eta ez produktuekin edo negozio lerroekin bakarrik. Arestian aipatutako Transfer K proiektua horren adibide da eta eginiko lanak kanpotik aitortza jaso izana garrantzitsutzat jo du Velascok. "2024an Kudeaketa Aurreratuaren Brontzezko Q saria jaso genuen eta aurten CEX saria, gure Transfer K praktikagatik. Baina aintzatespenek balioa dute, batez ere, atzean ondo egindako lana dagoela baieztatzen dutelako”.

Belaunaldi berriaren etorkizuneko erronkak

Une bereziki interesgarri batean daude, jada etapa bat amaitu delako, beste bat hasteko. Ez dira hutsetik abiatzen. Negozio industrial finkatua dute, ezagutza, bezeroak, aliatuak, talde prestatua eta dagoeneko errealitate diren negozio-lerro berriak. Orain, potentzial hori guztia garatzen jarraitzea da erronka.

Velascok dioenez, haien negozio tradizionala indartzen jarraitu nahi dute, mantentze-lanetan eta Manex zerbitzuetan hazi, baita Matchmaking haien plataforma digitalarekin ere, matxura hidraulikoak konpontzen trebatzeko, HRE Green soluzioak bultzatzeko, didaktikan hazten jarraitzeko eta datuek, digitalizazioak eta adimen artifizialak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko.

Gainera, hazi egin nahi dute, baina ondo: erakunde prestatu batekin, gero eta erantzukizun handiagoa hartzeko gai diren pertsonekin eta HREren ezaugarri izan den bezeroarekiko hurbiltasuna mantenduta.

Hazi egin nahi dute, baina ondo: erakunde prestatu batekin, gero eta erantzukizun handiagoa hartzeko gai diren pertsonekin eta HREren ezaugarri izan den bezeroarekiko hurbiltasuna mantenduta

“Niretzat, guztion gainetik dagoen erronka bat dago: HREk gaur hemen gauden pertsonetatik haratago etorkizuna izatea. Errelebo hau prestatzen zerbait ikasi badugu, horixe da: pertsonak aldi baterakoak gara; proiektuak gai izan behar du gu gainditzeko”, esan du Velascok. “Lasai noa, ondo egindako lanaren sentsazioarekin. Atzean enpresa ezagutzen duen talde bat dago, denbora luzez lan egin duena une hau prestatzeko, eta, batez ere, proiektua hazten jarraitzeko gogoa duena”, gehitu du Alberdik.

Velascok dioenez, gaur egun haien erronka handienetako bat etengabeko aldaketa kudeatzea izango da. Oraina oso ondo zaintzen jarraitu behar dute etorkizuna eraikitzen duten bitartean, eta horrek esan nahi du digitalizatzea, negozio berriak garatzea, ezagutza txertatzea, pertsonak erakartzea, lan egiteko moduak aldatzea, etab. Zailtasuna da hori guztia lortzea, hamarkadetan metatutako ezagutza eta honaino iristea ahalbidetu duen kultura galdu gabe.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain