Bi bazkide berri ditu Huerta de Peralta enpresak. Stellum Food&Tech eta Enhol Food Capital funtsak konpainia nafarraren kapitalean sartu dira, hazkundea bultzatu eta negozioaren hedapena gauzatzeko asmoz.
Huerta de Peralta, El Huertico markaz ezaguna dena, barazki freskoak eraldatzeaz eta merkaturatzeaz arduratzen da. Egun, 28 milioi euroko fakturazioa du, eta 200 laguneko lantaldea du Peraltako lantegian. Guztira, negutegiez babestutako 500 hektareako lursaila kudeatzen du enpresak.
Familia enpresa honek 1987an du jatorria. Francisco Resanok sortu zuen eta 90. hamarkadan bere semeak sartu ziren negozioan. Nekazari izatetik hornitzaile eta enpresa izatera igaro da proiektua, eta Resanok nabarmendu du bazkide berriak gehitzeak azken urteetan eginiko lanaren aitortza dela.
Bere aldetik, Diego eta Gonzalo Oliver Enhol taldeko zuzendari nagusiek nabarmendu dutenez, "eragiketa hau guztiz bat dator elikagaien sektorean dugun inbertsio-estrategiarekin eta epe luzeko, hazkunde-potentzial handiko eta lurralde-errotze handiko proiektuen aldeko gure apustuarekin". Huerta de Peralta eredu "sendoa" dela, eta "Resano familiari hazkunde eta hedapen etapa berri honetan laguntzeko ilusioa pizten" diela adierazi dute".
Enhol taldea inbertsio funts nafarra da, eta hainbat sektoretan egiten ditu inbertsioak. Stellum Capitalekin eragin du oraingoan. David Martínez eta Joaquín Senosiain Stellum Capitaleko ordezkariek azaldu dute Huerta de Peraltak merkatu zail batean hazten jakin izan duela, eta hori gakotzat jo du inbertsioa egiteko.