• ENPRESAK GAUR
  • Iazko eskaera-zorro antzekoarekin hasi du 2026 makina-erremintak

Iazko eskaera-zorro antzekoarekin hasi du 2026 makina-erremintak

Txinaren lehiari aurre egiteko araudia eskatu dio Europari AFM klusterrak. Irango gerra luzatuko balitz egoerak okerrera ere egin dezakeela ohartarazi du

Ortueta eta Berdud, gaurko agerraldiaren testuinguruan | Argazkia: AFM
Ortueta eta Berdud, gaurko agerraldiaren testuinguruan | Argazkia: AFM
2026ko maiatzaren 6a - 12:36
Eg. 2026ko maiatzaren 6a - 13:20

AFM klusterraren asanblearen atarian, makina-erremintaren sektorearen 2025eko behin betiko emaitzak eta 2026rako aurreikuspenak aurkeztu dituzte José Pérez Berdud AFM klusterreko presidenteak eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak. Aurreikusi bezala, 2025ak ez zituen emaitza berdinak utzi azpisektore guztietan: harroketa %1,56 hazi da fakturazioa, besteak beste bezero-zorro zabala duelako, asko hazkunde fasean daudenak; deformazioak, berriz, %11,93ko beherakada izan du, automobilgintzaren krisiaren eta Txinako lehiaren ondorioz. Beste bi azpisektore aipatzearren, osagaienak gora egin duen bitartean, gainontzeko ebaketa-erremintenak %6,94 egin du bera. Denera, 2.247,6 milioi euroko fakturazioa lortu zuen makina-erremintako sektoreak, iaz baino %3,27 gutxiago.

 

Esportazioetan jarrera egonkorra izan zen, 1.753,8 milioi euroan kokatuta, %0,82ko hazkundearekin. AEB izan zen helmuga nagusia (guztiaren %13,66ekin), Alemania bigarrena (%12,67) eta Mexiko hirugarrena (%9,01). "2025eko itxierako datuek oso ingurune konplexua islatzen dute, non esportazioen dinamismoak fakturazio-mailei eusten laguntzen duen, bereziki erauzketan", azpimarratu du Berdudek. 

Eskaera zorroan ere gorakada aipatzekoa da. %2,29 hazi ziren aurreko urtekoarekin erkatuta, erauzketan hazkundea %21,54koa izan zelarik. 2026ko lehen hiruhilekoa 2025ekoaren oso antzekoa izan da, gainera, eskaera-zorroari dagokionez, eta azpisektoreka ere mantentzen da joera. Harroketari dagokionez, Ortuetak esan du "unea aprobetxatzen jarraitu" behar duela, "hainbat trakzio-industriatan duen posizio ona" oinarri hartuta. Deformazioaren kasuan, "automobilgintzaren egiturazko beherakadari" aurre egitea egokituko zaiola nabarmendu du, eta horren aurrean "eraldaketa, dibertsifikazio eta birkokapen erabakiak" hartzera behartuta izango dela.

 

Txinako merkatuaz ere aritu dira prentsaurrekoan. “Oso prezio baxuko balio erantsiko produktuekin nazioarteko merkatuetan sartu izanak lehiakide ikaragarri baten aurrean jartzen gaitu", adierazi du Ortuetak. Horri aurre egiteko garapen teknologikoa eta dibertsifikazioa uztartzeko beharra ikusi ditu gakotzat zuzendari nagusiak, eta administrazioen "laguntza irmoa" ere bai, "industria babestuz lehia justua egon dadin" eta "behar diren baliabideak prestatuta". Zentzu horretan, Txinako produktuen Europarako sarbidea arautzeko beharra defendatu du, Europatik erantzun koordinatu azkarra emanda eta sektore estrategikoak babestuta.  “Europak batasun, anbizio eta lidergo gehiago behar du
bere industria indartzeko eta testuinguru global berri honi aurre egiteko, eta azkar eta ausardiaz egin behar du", gaineratu du presidenteak.

Erraldoi Asiatikoa, ordea, ez da klusterraren kezka bakarra. Irango gerraren luzapen batek ere izan ditzakeen ondorioez mintzatu da Berdud. Egungo egoera dagoeneko "erabateko drama" bada ere, luzapen batek "krisi energetikoa ekarriko lukeela" ere azpimarratu du, "kostuetan arazoak" ekarriko lituzeena. Horrek gutxitu egingo luke "eskari-gaitasuna". "Horregatik da gakoa ez luzatzea.