
Confebask patronalak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresen azken kontaketa egin du. Elkartearen arabera, Gizarte Segurantzan 57.225 konpainia daude izena emanda, abuztuan baino 753 gehiago. Ohikoa izaten da abuztutik irailera enpresa kopurua handitzea, dena den, iazko irailaren aldean, igoera apalagoa izan da, iaz hazkundea %0,6 handiago izan baitzen. Hala, iazko epe berean baino 330 enpresa gutxiago daude egun EAEn
Sektoreka, industrian izan ezik, beste guztietan hazi da enpresa kopurua. Halaber, pandemia aurreko aldiarekin erkatuz gero, industriak pairatu du enpresa galera handiena, 2020ko otsailean baino 537 enpresa gutxiago baitaude egun (%8ko beherakada). Zerbitzuen sektorean, %2,8 konpainia gutxiago daude (1.276 enpresa), eta eraikuntzan 79 enpresa gehiago (%1,6ko hazkundea).
Autonomoei dagokienez, irailean abuztuan baino 299 gehiago zenbatu dira, eta denera 165.291 daude egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halere, gaur-gaurkoz, iazko irailean baino 847 autonomo gutxiago zenbatu dira.