• ENPRESAK GAUR
  • Brasilgo Neoenergiaren kapital sozialaren %84 kontrolatuko du Iberdrolak

Brasilgo Neoenergiaren kapital sozialaren %84 kontrolatuko du Iberdrolak

Akzioko 32,5 errealeko prezioa adostu dute, eta, orotara, 1.880 milioi euroko gastua ekarriko du

Ignacio Galán Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola
Ignacio Galán Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola
2025eko irailaren 11a - 10:40

Iberdrolak akordioa itxi du Caixa de Previdência dos Funcionários do Banco do Brasil (PREVI) erakundearena zen Neoenergiaren %30,29 eskuratzeko. Operazio horrekin, Espainiako energia enpresak akziodun nagusi gisa duen posizioa sendotuko du, eta Brasilgo enpresaren kapital sozialaren %84 inguru kontrolatuko du.

 

Itundutako prezioa 32,5 errealekoa da akzioko, eta horrek 11.950 milioi erreal ordaintzea ekarriko du, hau da, 1.880 milioi euro inguru. Transakzioa dagozkion baimen erregulatzaileen mende dago; ondorioz, eragiketa datozen hilabeteetan ixtea aurreikusten da.

Neoenergia Brasilgo elektrizitate-banaketako talderik handiena da bezero-kopuruari dagokionez; 40 milioi erabiltzaile inguru ditu, bost banatzaileren eta hemezortzi garraio-linearen bidez. Konpainiak 725.00 kilometro baino gehiagoko banaketa-sarea du, 8.000 kilometroko garraioa eta 3.800 MW-eko sorkuntza berriztagarria, batik bat, hidroelektrikoa. Iaz 9.800 milioi erreal (1.540 milioi euro) baino gehiago bideratu zituen oinarrizko azpiegituretara, eta, horri esker, aitzindari izan zen herrialdeko inbertsioan.

 

Eragiketarekin, Iberdrolak sendotu egin du sare elektrikoetan oinarritutako nazioarteko estrategia, eta dagoeneko 1,4 milioi kilometroko azpiegitura kudeatzen du Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Brasilen eta Espainian.