Iberdrolako zuzendaritza langileen aldarrikapenei uko egiten, mehatxuzko gutunak bidaltzen eta beldurra sortzeko enpresa-politika bultzatzen ari dela salatu du ELAk. Hala, elkarretaratzeak iragarri ditu sindikatuak.
Urtebete baino gehiago pasa da langileek hitzarmen kolektiboa berritzea exijitu zutenetik, zeina 2024ko abenduan iraungi zen. Bi aldeak, zuzendaritza eta langileen batzordea, elkarrizketan aritu ziren arren, pasa den uztailean zuzendaritzak negoziazioa eten zuela iragarri zuen ELAk, hitzarmenean inongo aurrerapausorik eman gabe. Une hartan sindikatuak KPIaren araberako soldata igoerak eskatu zituen, langileen erosahalmena %19 beheratu zela aldarrikatuta.
Gaurkoan ere aldarri berbera jarri du mahaigainean sindikatuak: enpresak, gutxienez, KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea. "Enpresa-mozkinak handitu, akziodunari ordainsari handiagoa eman eta datozen 4 urteetarako Plan Estrategikoa aurkeztu arren (Iberdrolak mozkinak % 47 handitzea aurreikusten du, eta akziodunaren ordainsaria % 65), enpresak ukatu egin dio plantillari hitzarmen justu bat sinatzeko eska daitekeen gutxieneko akordioa", nabarmendu du ELAk.
Era berean, sindikatuaren arabera Giza Baliabideen zuzendaritza berria, besteak beste, "bilera sindikaletara joateagatik mehatxuzko gutunak" bidaltzen eta "kaleratze puntualak" egiten ari da, "langile guztiei mezu argia bidaltzeko".
Egoerari aurre egiteko, sindikatuak kontzentrazio berriak iragarri ditu. Datorren astetik aurrera, urriko astearte guztietan plantillak 15 minutuko elkarretaratzea egingo du —08:30etik 08:45era— lantegi bakoitzaren sarreran.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta