• ENPRESAK GAUR
  • Iberdrolak 9.000 milioira igo du inbertsioa eta %17 gehiago irabazi du irailera arte

Iberdrolak 9.000 milioira igo du inbertsioa eta %17 gehiago irabazi du irailera arte

Taldeak sareen negozioa indartu du Erresuma Batuan eta AEBetan, eta 3.200 milioi euro murriztu du zorra

Ignacio Galan presidentea| Argazkia: Iberdrola
Ignacio Galan presidentea| Argazkia: Iberdrola
2025eko urriaren 28a - 09:47

Iberdrolak 9.000 milioi euroko inbertsioarekin itxi ditu 2025eko lehen bederatzi hilabeteak, aurreko urteko epe berean baino %4 gehiago. Bultzada horri esker, konpainiak 5.307 milioiko irabazi garbia lortu du, hau da, % 17ko hazkundea izan du desinbertsio eta ezohiko kenkarien gainbalioak alde batera uzten badira.

 

Sare elektrikoen arloa izan da emaitza horien eragile nagusia, inbertsioen erdia baino gehiago (%55) bideratu baitira hara. Guztira, enpresak 4.904 milioi bideratu ditu negozio horretara, %12 gehiago, eta horrek sare elektrikoen aktiboen oinarria 49.300 milioiraino igo du. Bestalde, inbertsio osoaren %60 baino gehiago Erresuma Batura eta Estatu Batuetara bideratu du konpainiak, merkatu horietan duen posizioa indartuta. Energia berriztagarrien sorkuntzari dagokionez, taldeak 2.000 megawatt berri sortu ditu azken urtean, eta 14.000 gehiago ditu eraikuntzan edo garapen-fase aurreratuan.

Enpresaren irabazia interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurretik (Ebitda) 12.438 milioi eurokoa izan da, sareen hazkundeak sustatuta. Hain zuzen ere, sareen arloak bere emaitza operatiboa %26 igo du, baina, aldi berean, ekoizpen berriztagarrien eta bezeroen arloko Ebitda %11 jaitsi da, Iberiar Penintsulan kostuak igo direlako eta Mexikon desinbertsioak egin direlako.

 

Finantza-arloari dagokionez, Iberdrolak 48.500 milioi eurora murriztu du zor garbia, alegia, aurreko ekitaldiaren amaieran baino 3.200 milioi gutxiago, aktiboak txandakatzeko politikari eta 8.000 milioi baino gehiagoko balioa duten aliantzei esker. Horrez gain, 23.000 milioi euroko likidezia du konpainiak, bi urteko finantza-beharrei erantzuteko adina.

Emaitza horiekin, enpresak akzioko 0,25 euroko konturako dibidendua proposatuko du, aurreko urtean baino %8,2 handiagoa. Ekitaldia ixteari begira, 6.600 milioi euroko mozkin garbi doitua aurreikusi du, eta 6.200 milioitik gorakoa izango da, Estatu Batuetako sareetatik datozen ezohiko diru-sarrerak zenbatu gabe ere.