
Azken hamabi hilabeteetan 17.300 milioi euroko inbertsioak egin ditu Iberdrolak, hots, inoiz baino gehiago inbertitu du. Zehazki, 5.662 milioi euro inbertitu dira 2025eko lehen seihilekoa, iaz baino %7 gehiago; guztizko inbertsiotik erdia baino gehiago (%60) Estatu Batuetara eta Erresuma Batura bideratu da. Sareetako inbertsioa ere %14 handitu da, 3.082 milioi eurotaraino.
Emaitza operatibo gordina (Ebitda) 8.287 milioi eurokoa izan da. Konpainiak azaldu du Estatu Batuetako eta Europako gainerako herrialdeetako hazkundeak konpentsatu egin duela Iberdrola Espainiaren Ebitdaren %12ko jaitsiera. Hala, 3.562 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu taldeak (+%20 termino homogeneoetan).
Zorrari dagokionez, azken hiruhilekoan 3.000 milioi eurotan hobetu da, gutxi gorabehera 52.000 milioi eurora iritsita, eta likidezia 19.000 eurotik gorakoa izan da. Aldi berean, Masdarrekin lortutako akordio estrategikoan azpimarra egin du taldeak.
Ekitaldi osorako aurreikuspenak gogorarazi ditu Iberdrolak: mozkin garbia bi digitutan handitzea espero da, AEBtako iraganeko kostuen aitortza eta aurrerantzean egingo diren inbertsioak kontuan izanda: aktibo arauetan %10 inguruko hazkundea izango da eta berriztagarrietan 1.400 MW berri jarriko dira martxan.
Datozen sei urteetara begirako aurreikuspenak are handiagoak dira: 2031era bitartean sareetan 55.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten du taldeak, %75eko igoerarekin, eta aktiboen oinarria 30.000 milioitik (2020) 90.000 milioira (2031) handituko dela azaldu dute. Sei urte horien buruan, inbertsio aktiboen banaketa geografikoa honakoa izango da: %75 AEBn eta Erresuma Batuan, %15 Brasilen eta %10 Espainian. Hala, %9,5eko errentagarritasuna espero du taldeak aktibo arautuetako funts propioei dagokienez.