
Sagarren ekoizpena sustatuko duen instalazio agrovoltaiko berria eraikiko du Iberdrolak Araban, Gasteizko Udaletxeak utzitako lurrak erabilita. Konpainiak azaldu du proiektuak zenbait helburu dituela: nekazaritza ekologikoa sustatzea, epe ertainean enplegua sortzea eta Arabako produktu ekologikoaren sektorean produkzio zein banatze enpresak sortzea.
Kuartango sagardotegia izango da sagarrondoak landatzeaz arduratuko den enpresa ustiatzailea, eta instalazioak 901 kW-eko gaitasuna izango du plaka fotovoltaikoen bitartez. Plaka horiek sagarrondoen gainean kokatuko dira, 4,1 metroko altueran, eta Powerful Tree enpresak garatutako software baten bitartez, eguzki plaken posizio egokiena zehaztuko da.
Altueran kokatutako instalazioari esker, energia garbia sortzeaz gain, itzala izango dute sagarrondoek, erradiazioa murriztuko da, lurraren zein laborantzaren kalitatea hobetuko da eta uraren erabilera txikituko da, besteak beste.
Proiektua Basaldea Nekazaritza ekologikoko enpresen zentroan integratuta dago, zeina aldi berean Europako Itun Berdearen “From farm to fork” estrategiarekin lerrokatuta dagoen. Konpainiak argitu du instalazio berriaren arrakasta ez dela instalatutako megawattetan neurtu behar, “baizik eta landa-inguruneko pertsonen bizitza modu positiboan eraldatzeko gaitasunean”. Izan ere, Iberdrolarentzat proiektua “etorkizunerako aukera bat da nekazarientzat”, egonkortasun ekonomikoa, teknologia berrietarako sarbidea, ingurumenaren iraunkortasuna eta trantsizio energetikoan protagonismoa emango baitie.