• ENPRESAK GAUR
  • Iberdrolak, Repsolek eta Volkswagenek beherakada izan dute irabazi garbietan

Iberdrolak, Repsolek eta Volkswagenek beherakada izan dute irabazi garbietan

Lehen hiruhilekoan iaz baino %27,4 (Iberdrola), %62,2 (Repsol) eta %43,3 (Volkswagen) gutxiago eskuratu dute taldeek

Volkswagenen lantegi bat | Argazkia: iStock
Volkswagenen lantegi bat | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 30a
Eg. 2025eko apirilaren 30a

Iberdrolak 2.004 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu lehen hiruhilekoan, hau da, iazko epe berean baino %27,4 gutxiago. Izan ere, iaz gainbalioak izan zituen taldeak Mexikon aktiboak saltzeagatik. Taldeak 4.643 milioi euroko Ebitda eskuratu du, urte arteko %12ko hazkundearekin

 

Horrez gain, Iberdrolak inoiz baino gehiago inbertitu du azken hamabi hilabeteetan: 17.300 milioi euro, iazko epe berean baino %44 gehiago. 2025eko lehen hiruhilekoan inbertitu ditu, zehatz-mehatz, 2.720 milioi euro, aurreko urtean baino %14 gehiago. Inbertsioaren gehiengoa, %65, Estatu Batuetara eta Erresuma Batura bideratu da, eta negozioei dagokienez, erdia (%53) sare elektrikoetara bideratu da, 1.432 milioi eurorekin (iaz baino %18 gehiago).

Repsolek ere iaz baino emaitza baxuagoak lortu ditu lehen hiruhilekoan, %62,2 beheratu baitira enpresaren irabazi garbiak (366 milioi euro). Taldeak dio hainbat direla beherakada horren arrazoiak: nazioarteko merkatuaren ziurgabetasuna, tentsio geopolitiko eta komertziala, merkatu energetikoen aldakortasuna…

 

Volkswagen konpainiak ere ez ditu bereziki emaitza onak eskuratu lehen hiruhilekoan, 1.831 milioi eurorekin, iazko etekinak baina %43,4 gutxiago lortu baititu. Repsolen antzera, enpresak “politikaren ziurgabetasunari”, “merkatuko murrizketei” eta “tentsio geopolitikoari” egotzi dio beherakada. Bestalde, taldearen fakturazioa %2,8 handitu da urtarriletik martxora bitartean, 77.558 milioi eurora iritsita. Mundu osora bideratutako entrega kopurua ere %1,4 hazi da martxora arte, 2,13 milioi ibilgailu banatuta. Konpainiak adierazi du 2025. urte amaierarako fakturazioa %5eko hazkundearekin itxi nahi duela.