Iberdrolak 1.711,3 milioi euroko mozkin garbia izan du 2026ko lehen hiruhilekoan. Aurreko urteko aldi berean 2.004,3 milioi irabazi zituen, eta, hortaz, %14,6 apaldu dira konpainiaren etekinak. Hori bai, mozkin garbi doitua (AEBetan eta Mexikon eginiko operazio banaren zenbatekoa kenduta) %11 hazi da urteko lehen hiruhilabeteetan, 1.865 milioi euroraino.
Konpainiaren ustiaketa emaitza gordina (ebitda) 4.607,1 milioi eurokoa izan da 2026eko lehen hiruhilekoan (4.503 izan zen iazko epe berean). Halaber, konpainiaren diru-sarrerak apaldu egin dira. 12.017 milioi eurokoak izan dira martxora arte, eta iazko epe berean 12.582,9 eurokoak izan ziren.
Iberdrolak sareen negozioa nabarmendu nahi izan du, hura izan baita konpainiaren nagozio nagusia. %8ko hazkundea izan du urtetik urtera, 53.000 milioi euroko negozio bolumena, hain zuzen.
Urteko lehen hiruhilekoan 1.461,3 milioi euroko inbertsioak egin ditu sareen negozioan. Guztira, aldiz, 2.698,5 milioi eurokoa, eta inbertsio horien erdiak Erresuma Batuan eta AEBetan egin ditu.
Bestalde, energia konpainiaren elektrizitate-ekoizpen garbia 36.106 GW ordukoa izan da azken hiru hilabeteetan, aurreko urteko aldi berean baino %1,6 gehiago.
Gauzak horrela, Iberdrolak 2026rako aurreikuspenak hobetu ditu, eta espero du urtea amaitzerako %8 handitzea irabaziak.