Iberdrolak jakitera eman duenez, 2021ean 1.000 milioi euroko erosketak egin zizkion 500 euskal hornitzaile baino gehiagori eta 200 milioitik gorako inbertsioekin itxi zuen urtea. Konpainiaren planen arabera, ekarpen hori %20 handituko da datozen urteetan, 10.000 milioi eurorainoko ekarpenak egin nahi baititu 2025era bitarte, batez ere inbertsioetan, erosketetan, soldatetan eta diru-sarrera fiskaletan. Hala, eginkizuna indartuz, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera-eragile nagusietako bat izaten jarraitu nahi du, adierazi duenez, bere jarduerak 1.800 milioi eurotik gorako eragin sozioekonomikoa izaten baitu urtean Erkidegoan. Era berean, inbertsioak ere bizkortuko ditu proiektu berriztagarriak, mugikortasun elektrikoa eta autokontsumoa hedatzeko eta trantsizio energetikoa bizkortzen jarraitzeko.
Konpainiak emandako datuen arabera, 130.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken bi hamarkadetan energia berdean, sareetan eta biltegiratzean eta 400.000 lanpostu baino gehiago sortu ditu zuzenean zein zeharka.
Bestalde, ostiral honetan, ekainak 17, Akziodunen Batzar Nagusia egingo da Bilbon eta Iberdrolak Batzarraren kontzeptu parte-hartzaileagoa, eskuragarriagoa, hurbilagoa, jasangarriagoa eta berritzaileagoa garatu nahi du. Testuinguru horretan, konpainiaren gomendioa da akziodunek eta euren ordezkariek parte-hartze telematikoa izatea, pandemiaren ondoriozko murrizketak errespetatzeaz gain, aukera emango dielako jasangarritasuna sustatzeko eta agintariek ezar ditzaketen neurrien ondoriozko eragozpenak saihesteko.