Iberdrolak %30 handitu du bere eragin sozioekonomikoa EAEn 2022an

Konpainia elektrikoak 2.700 milioi euroko eragina izan zuen iaz EAEn, eta 400 milioi euroko ekarpena egin zien euskal kutxei

Argazkia: Iberdrola Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak 2.700 milioiko eragin sozioekonomikoa izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an, aurreko urtean baino %30 gehiago, konpainiak ohar bidez jakitera eman duenez. Halaber, Iberdrolak 400 milioi euroko zerga ekarpena egin zuen, EAEko BPGren %2ren baliokidea.

Ostiral honetan egingo den akziodunen batzar nagusiaren atarian, euskal lurraldea bere negozioaren funtsezko elementuetako bat dela berretsi nahi izan du enpresa elektrikoak. Zentzu horretan, konpainiak azpimarratu du iaz 241 milioi euroko inbertsioak egin zituela EAEn. Kontuan izan behar da Iberdrolak 1.830 langile dituela bertan, eta 2022an lurraldeko 600 hornitzaileri egin zizkiela erosketak, besteak beste, Ormazabali, SGREri, Ingeteami, Artecheri, edo Lizelani, 1.700 milioi euro baino gehiagoan.

Hala, Iberdrolak bere plan estrategikoarekin jarraitzen du. Plan horrek 47.000 milioi euroko inbertsioak jasotzen ditu 2023-2025 aldian, trantsizio energetikoa, enplegu sorrera eta emisio garbiak bultzatzeko. Konpainiaren ibilbide orriak 10.000 milioi euro utziko ditu EAEn epe horretan, aurreko planean baino %15 gehiago. Zenbateko horrek, batez ere, inbertsioak, erosketak, soldatak eta diru sarrera fiskalak ekarriko ditu, eta Iberdrolak euskal ekonomian duen pisua indartuko luke.

Energia berriztagarriko proiektu gehiago EAEn

Iberdrolak euskal lurraldean energia berriztagarria sortzeko hainbat proiektu ditu zorroan. Araban 70 milioi euroko inbertsioa egingo du Ekienea proiektuan 132 kV-ko planta fotovoltaikoa eraikitzeko. Gainera, une honetan, euskal konpainia Arabako Labraza eta Azazeta parke eoliko berrien tramitazioan murgilduta dago. Parke horietako bakoitzak 40 megawatteko potentzia izango du. Biek lortu berri dute ingurumen baimena.

Aixeindar ekimenaren bidez, EEErekin lankidetzan, Iberdrolak Araban energia instalazio misto bat eraikitzeko lizentzia izapideetan dihardu. Energia eolikoa eta fotovoltaikoa, biak batzen dituen lehen proiektua izango da EAEn.

Proiektu horiek abian jarrita, puntako aldietan 470 profesional baino gehiago lanean izatea espero du Iberdrolak. Martxan jarrita, 107.000 etxeren baliokidea den populaziorako energia garbia sor liteke, eta urtean 50.000 tona CO2 baino gehiago atmosferara isurtzea saihestu.

Bestalde, euskal konpainiak 250 milioi euro baino gehiagoko kontratua sinatu du Haizea Wind Groupekin, Erresuma Batuko East Anglia Three itsas parke eolikorako 50 monopilote hornitzeko. Scottish Power konpainia elektrikoaren filial britainiarrak garatu du proiektua, eta osagaiak Bilboko Portutik aterako dira. Akordio horrek 350 lanpostu zuzen inguru sortzea ekarriko du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK