Iberdrolak %86 handitu ditu irabaziak, Mexikoko aktiboen salmentak bultzatuta

2.760 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu urteko lehen hiruhilekoan

Ignacio Galan Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola Ignacio Galan Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak ohar bidez jakitera eman duenez, 2.760 milioi euroko irabaziak izan ditu 2024ko lehen hiruhilekoan, pasaden urteko martxoan baino %85,8 gehiago. Konpainiak jakitera eman duenez, Mexikon saldutako aktiboei esker handitu ditu irabaziak.

Zehazki, otsailaren 26an itxi zuten Mexikon aktiboak saltzeko operazioa, eta 1.165 milioi euroko aparteko ekarpena izan du irabazietan; 2023an, berriz, 238 milioi euroko eragin positiboa izan zuen, Erresuma Batuko merkataritza-negozioan defizita berreskuratzeagatik. Harago, energiaren irabazi garbia %28 hazi da.

Bestalde, ustiapenaren emaitza gordina (EBITDA) 5.857 milioi eurokoa izan da martxoaren amaieran, aurreko urteko epe berean baino %44,1 handiagoa. Mexikoko ekarpena eta Erresuma Batuko tarifa-defizita berreskuratzea alde batera utzita, Ebitda %10 hazi da, 4.140 milioi euroraino.

Iberdrolak zifra horiek 2.382 milioi euroko inbertsio gordinek bultzatu dituztela azaldu du, %36 gehiago, eta sareen negozioak %27 egin du gora, 1.213 milioi euroraino, batez ere Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Brasilen izandako 'rate cases' berriek eraginda. Inbertsioaren %60 banaketan eta %40 transmisioan banatu da.

Iberdrolako lehendakariak, Ignacio Galanek konpainiaren momentu ona nabarmendu du: “Emaitza hauek Iberdrolaren ereduaren sendotasuna eta 2024-26 Planean sartutako inbertsioen eragin positiboa erakusten dute. Gure negozioek lehen hiruhilekoan izan duten bilakaera onak eta dagoeneko martxan dauden inbertsioen hazkundeak bide ematen digute, gainera, 2024ko aurreikuspenak hobetzeko”.

Azkenik, maiatzaren 17an Bilbon akziodunen batzar orokorra egingo duela iragarri du Iberdrolak. Egun horretan, akzioko 0,348 euroko dibidendu osagarri bat aurkeztuko du konpainiak, Akziodunen Batzar Nagusiak onar dezan. Dibidendu hori urtarrilean onartutako 0,202 euroei gehituko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK