Iberdrolak Akziodunen Batzar Nagusia deitu du apirilaren 28rako

Sanchez Galanen presidente kargua beste lau urterako luzatuko da bertan

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea aurreko Akziodunen Batzar Nagusian | Argazkia: Iberdrola Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea aurreko Akziodunen Batzar Nagusian | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolako Administrazio Kontseiluak 2023ko Akziodunen Batzar Orokorra apirilaren 28rako deitzea erabaki du egin berri duen bileran. Aztertuko diren gai nagusien artean Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen lau urterako kargu berritzea izango da, eta argi berdea emango zaio Armando Martinez kontseilari delegatu berriari ere.

"Era berean, kide kopurua 14an mantentzea proposatzen da. Horrela, konpainiak bere Administrazio Kontseiluko kideen independentzia maila altua eta aniztasuna maila guztietan finkatzen ditu", azaldu du konpainiak ohar bidez.

Iberdrolak akziodunak gonbidatu ditu ekitaldira. Bigarren urtez jarraian, kontseiluak parte hartzeko dibidendu bat proposatu du, akziodunak ekitaldian parte hartzeagatik saritzeko. Datorren apirilaren 28an Batzarrak pizgarri berri hau onartzen badu eta eraketa-quorum jakin bat lortzen bada, Iberdrolak kopuru gehigarri bat ordainduko die Batzarrean parte hartzeko eskubidea duten akziodun guztiei. Quorumaren ehunekoa eta inplikazio-dibidendu horren zenbatekoa datozen egunetan argitaratuko dira, deialdiaren iragarkiarekin batera.

Beste akordio batzuk

Batzarreko gai zerrendak 22 akordio proposamen jasotzen ditu, tartean, Estatutu Sozialetan egindako aldaketak. Baina, urteko kontuak, kudeaketa txostena, informazio ez-finantzarioaren egoera, 2022ko emaitzaren aplikazioa, edota kanpoko hainbat kontseilari eta kontseilari exekutibo berrautatzea ere onartu beharrekoen zerrendan sartzen dira.

Bestalde, Administrazio Kontseiluak egin duen bileran, akzio propioak berrerosteko programa berri bat egitea ere erabaki du, kapital soziala murrizteko helburuarekin, Akziodunen Batzar Nagusiak aldez aurretik hala erabakita. Helburua da taldearen konpromisoa betetzea zirkulazioan dauden akzioen kopurua egonkor mantentzeko, eta horien gainean kalkulatzen da akzio bakoitzeko mozkina, 6.240 milioi inguru.

Horretarako, Iberdrolak 206.364.000 akzio propio amortizatuko ditu gehienez, konpainiaren egungo kapital sozialaren %3,201 ordezkatzen dutenak, eta horien artean sartuko dira berrerosteko programaren bidez eskuratzen direnak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK