• ENPRESAK GAUR
  • Iberdrolak akziodunen batzarra egin du, langileen protesten artean

Iberdrolak akziodunen batzarra egin du, langileen protesten artean

Akziodunei 4.500 milioi euroren dibidenduak banatzea adostu du energia konpainiak. Langileek elkarretaratzeak eta lanuzteak egin dituzte, lan hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko

Ignacio Galan, gaurko batzar orokorrean | Argazkia: Iberdrola
Ignacio Galan, gaurko batzar orokorrean | Argazkia: Iberdrola
2026ko maiatzaren 29a - 12:47
Eg. 2026ko maiatzaren 29a - 16:16

125 urte bete berri ditu Iberdrolak aurten, eta pasa den astean ekitaldi instituzionala egin zuen Bilboko dorrean. Gaur, berriz, batzar nagusia egin du goizean, zeinetan akziodunek konpainiaren kontu ekonomikoak onartu dituzten.

 

Akziodunak pozik badira ere, langileak kontrako aldartean dira. Izan ere, batzar orokorra probestuta, mobilizazioak egin dituzte lan hitzarmen berriaren negoziazioak direla eta.

Batzarrean, akziodunek berretsi egin dute Pedro Azagra kontseilari izendatu izana eta Marina Grossi kontseilari berri gisa sartzea onartu dute. Era berean, María Ángeles Alcalá Díaz, Isabel García Tejerina eta Anthony L. Gardner kontseilari independente gisa hautatu dituzte berriro ere.

 

Iberdrolak 14.650 milioi euroko inbertsioa egin zuen iaz, eta 6.285 milioi euroko irabaziak izan zituen, 2024an baino %12 gehiago. Gauzak horrela, akziodunei 4.500 milioi euroren dibidenduak banatuko dizkie.

Energia konpainiaren hazkundea burtsan ere islatu da, izan ere, 135.000 milioi euroko kapitalizazioa gainditu du.

Gaurko batzarrean “elektrifikazioaren bilakaera geldiezina” nabarmendu du Iberdrolak. Ignacio Galan presidentearen hitzetan. "Elektrizitatearen aro berri honi lidergo-posizio batetik eta gure ehun urteko historiako plan anbiziotsuenarekin aurre egiten diogu".

2026-2028ra begira, 43.000 milioi euroko inbertsioa egin nahi du Iberdrolak, eta aurreikusten dute aurten 6.600 milioi euro baino gehiago irabaztea.

Irabaziak gora, langileen soldatak ez

Batzar orokorra egin bitartean, sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte. UGTk eta CCOOk bost eguneko kanpaldia egin dute Euskadi plazan, Iberdrola dorrearen aurrean. Bihar arte izango dira bertan. ELAk, bestalde, greba eguna deitu du, eta manifestazioa egingo dute egunean zehar.

Sindikatuek salatzen dute Iberdrolak inoizko irabazi handienak dituen garaien, langileen soldatak ez direla igotzen ari. Orain hamasei hilabete hasi ziren lan hitzarmena berritzeko negoziaziorekin, eta askotan bildu badira ere, ez dute akordiorik lortu.

ELAren arabera, gaurko deitutako grebak ia %90eko jarraipena izan du Asua, Ortuella, Abadiño, Gernika, Leioa, Durango, Santurtzi, Barazar, Miramon, Hernani, Eibar eta Ordiziako lantokietan.