Iberdrolak enpresa berri bat sortu du Qatarren

East-West Digital izeneko enpresak adimen artifizialeko soluzio digitalak garatuko ditu. Herrialde arabiarrean egindako topaketa batean iragarri dute konpainia berriaren sorrera

'Qatar Economic Forum 2025' ekitaldian izan dira Iberdrolako ordezkariak | Argazkia: Iberdrola
'Qatar Economic Forum 2025' ekitaldian izan dira Iberdrolako ordezkariak | Argazkia: Iberdrola
2025eko maiatzaren 22a
Eg. 2025eko maiatzaren 22a

Iberdrolak East-West Digital izeneko enpresa berri baten sorrera iragarri du. Adimen artifizialean oinarritutako soluzio digitalak garatzeaz eta merkaturatzeaz arduratuko da erakunde berria, Ignacio Sanchez Galan energia konpainiako presidenteak azaldu duenez.

 

Iragarpena Bloomberg etxeak Qatarren antolatutako ekonomia foro batean egin du, nazioarteko enpresetako buruzagi garrantzitsuen aurrean. Besteak beste, bertan izan dira Ali Alwaleed Al-Thani, Invest Qatar konpainiako kontseilari delegatua; Álvaro Renedo Zalba, Espainiak Qatarren duen enbaxadorea; Pedro Azagra, Avangrideko kontseilari delegatua; eta Santiago Bañales, Iberdrolako Ekialde Hurbileko ordezkaria eta East-West Digitaleko kontseilari delegatua izango dena.

Iberdrolak Qatarren duen enpresak (Iberdrola Innovation Middle East) orain arte egindako lana baliatuko du konpainia berriak. "East-West Digital merkaturatzea mugarri garrantzitsua da Qatarren berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzeko egin ditugun ahaleginetan. Ekimen hau 2022ko maiatzean Iberdrola Innovation Middle East enpresarekin hasitako etengabeko lankidetzaren lekuko da. AAren teknologiak aprobetxatuz, East-West Digitalek gure panorama digitala hobetzeaz gain, jasangarritasunaren helburu globalak lortzen ere lagunduko du", adierazi du Ali Alwaleed Al-Thanik.

 

Bestalde, East-West Digitaleko Bañalesek azpimarratu duenez, konpainia berria "Iberdrola Innovation Middle East konpainiarekin hasitako lanaren bilakaera naturala da".