• ENPRESAK GAUR
  • Iberdrolak filial berria sortu du Alemanian, herrialdean dituen negozio jarduerak uztartzeko

Iberdrolak filial berria sortu du Alemanian, herrialdean dituen negozio jarduerak uztartzeko

Felipe Montero izendatu du filial berriko kontseilari delegatu

Felipe Montero Iberdrolako Alemaniako filial berriko zuzendaria | Argazkia: Iberdrola
Felipe Montero Iberdrolako Alemaniako filial berriko zuzendaria | Argazkia: Iberdrola
2023ko otsailaren 7a - 14:26

Iberdolak, Iberdrola Deutschland sortu du, konpainiak Alemanian dituen negozio jarduera guztiak uztartzeko. Ildo nagusia energia berriztagarrien aktibo handiak ustiatzea eta enpresei trantsizio energetikoko zerbitzuak ematea izango da. Zerbitzu horiek deskarbonizazio prozesuaren ziklo osoa hartzen dute bere baitan eta bezero komertzial eta industrialentzako irtenbide iraunkor eta adimenduak eskainiko dituzte, karbono aztarnak murrizten eta ingurumen helburuak betetzen laguntzeko. Offshore eta Onshore dibisioen bidez, konpainiak itsasoko eta lurreko parke eolikoen eta eguzki planta fotovoltaikoen plangintza, eraikuntza eta ustiapena zuzentzen ditu. Hain zuzen ere, filial berria da Alemaniako Itsaso Baltikoan dagoen itsas parke eolikoen operadorerik handiena.

 

Merkataritza dibisioaren bidez, Iberdrolak neurrirako konponbideak eskaintzen dizkie bere bezero komertzial eta industrialei energia berdearen hornidurarako, eta baita elektrizitatearen hornidura, epe luzerako PPA kontratuak, zorroa kudeatzeko zerbitzuak eta autokontsumorako soluzio fotovoltaikoak ere. Era berean, Iberdrolaren Alemaniako filialak, teknologia gurutzatuetan integratutako soluzioak ere eskaintzen ditu, hala nola, baterietan biltegiratzea edo erabilera industrialerako hidrogeno berdea.

Iberdrola Deutschlandek Berlinen du egoitza nagusia, baina herrialdeko beste hiri batzuetan ere bulego berriak irekitzeko asmoa du, hala nola, Hanburgon, Frankfurten eta Munichen. Konpainiak Felipe Montero izendatu du filial berriko kontseilari delegatu.

Zuzendariak esperientzia handia du nazioartean energiaren sektorean, Iberdrolak azpimarratu duenez. Ingeniaritza industrialaren eta elektrikoaren graduak eginak ditu, eta baita ekonomia masterra ere. Ibilbide profesionala eraikuntza sektoreko ingeniaritza enpresetan hasi zuen, eta Iberdrolan sartu zen 2010ean, ingeniari gisa, Wikingerreko itsas parke eolikoan lan eginez. 2017an, Baltic Eagle, Iberdrola gaur egun Alemaniako uretan instalatzen ari den itsas parke eolikoaren proiektuaren zuzendari izendatu zuten, proiektuaren enkantean eta inbertsioaren azken erabakian taldea arrakastaz gidatuz. 2020an, Taiwango 'country manager' gisa sartu zen Northland Powerren, eta bertan Hai Long itsas proiektu eolikoaren garapena zuzendu zuen, 1 GW potentziakoa, Taiwango itsasoan. Orain, Iberdrolara itzuli da, Iberdrola Deutschlandeko kontseilari delegatu gisa, "Alemania bezalako merkatu estrategiko batean ezarri dituen hazkunde plan anbiziotsuak" gauzatzeko, konpainiak azpimarratu duenez.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain