• ENPRESAK GAUR
  • Lau urtetan 58.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten du Iberdrolak

Lau urtetan 58.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten du Iberdrolak

Aurkeztutako helburuen arabera, akziodunen artean 20.000 milioi euro banatuko ditu konpainiak

Ignacio Galán | Argazkia: Iberdrola
Ignacio Galán | Argazkia: Iberdrola
2025eko irailaren 24a - 14:33

Ibedrolak lau urtetarako 58.000 milioi euroko inbertsio plan berria aurkeztu du Londresen. Kopuru hori azken lau urteetan inbertitutakoa baino %30 handiagoa izango litzateke, eta taldearen “benetako eraldaketa” ekarriko luke, azpiegituretan eta elektrifikazioan inoiz egin diren inbertsioak egingo liratekeelako.

 

Ignacio Galánen konpainiak argi ditu zein diren enpresarentzako lehentasunezko negozioak eta zein helmuga geografiko garrantzitsuenak: sare elektriko erregulatuak, eta Erresuma Batuak zein Estatu Batuak. Are gehiago, arestian aipatutako inbertsioaren %65 bi herrialde horietara bideratzea aurreikusten du konpainiak, leku erakargarriak baitira inbertsiorako, “aurreikus daitekeen legeria eta ordainsari-esparru egonkorrak” dituztelako.

Hala, Iberdrolak helburu du 7.600 milioi euroko etekin globalak izatea 2028. urtera bitartean, baita akziodunen artean 20.000 milioi euro banatzea ere. Gogorarazi dutenez, enpresak hamar bider handitu du bere balioa 2001. urteaz geroztik, eta Europako konpainia elektrikorik handiena bilakatu da, baita mundu mailako garrantzitsuenetariko bat ere.

 

Espainia mailan 9.000 milioi euro inbertituko ditu (4.000 milioi banaketa-sareetan eta 5.000 milioi berriztagarrietan zein bezeroetan), baina, hala ere, 1.000 milioi euro geldirik ditu konpainiak, CNMCk (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala) 2026-2031rako esparru arautzailea zehazten duen bitartean. Bestalde, Almarazeko zentral nuklearra 2027-2028 urteen artean pixkanaka itxi nahi du enpresak, 2019. urtean sinatutako protokoloari jarraiki.