Iberdrolak Ormazabal eta Lizelan enpresak saritu ditu trantsizio energetikoan egindako lanagatik

Konpainiak hamaika enpresari banatu dizkie 2022ko Hornitzailearen Sariak, eta hornitzaileei 2.000 milioi euro erosita itxi ditu aurtengo hamar hilabeteak

Iberdrolak emandako Urteko Hornitzailearen Sarien banaketa | Argazkia: Iberdrola Iberdrolak emandako Urteko Hornitzailearen Sarien banaketa | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak 2022ko Espainiako Urteko Hornitzailearen Sariak banatu ditu Bilbon. Sariek hamaika kategoria dituzte, eta enpresei aintzatesten zaizkie berrikuntzara eta lehiakortasunera, aniztasunera eta berdintasunera, laneko arriskuen prebentziora eta kalitatera, jasangarritasunera, enplegua sortzera edo nazioartekotzeko bokaziora bideratzeagatik. Aurten, konpainiaren hamaika enpresa laguntzailek jaso dute saria, tartean, Ormazabal euskal enpresak Urteko Hornitzaile Onenaren saria lortu du eta Lizelan ere saritua izan da, trantsizio energetikoan izan duen funtsezko lanagatik.

Urteko Hornitzaile Onenaren Saria Ormazabalek jaso du, sari berezi hau "Iberdrolarekin lan egiten izan duen esperientzia luzeagatik, beti ere kalitate maila oso altuarekin, konponbideak elkarrekin garatuz eta hornikuntza malgutasunez". Iberdrolak azpimarratu duenez, Ormazabal "hornitzaile bat baino gehiago bazkide bat da", "komunikazioaren etengabeko kalitatearekin arriskuak partekatzen dituena eta praktika hobeetan industriaren liderra dena".

Obra eta Zerbitzu Teknikoen atalean saritutako enpresa beste euskaldun bat izan da, Lizelan gipuzkoarra, banaketa elektrikoaren sektorean inausketa anomaliak ezabatzeko egindako zerbitzu erabakigarriagatik, "bere lana kalitate handiarekin garatuz".

Espainia mailako beste bederatzi enpresek ere jaso dute saria. Sari horiek Mario Ruiz-Tagle Iberdrola Espainiako arduradunak eman ditu, Pertsona eta Zerbitzuen zuzendari global eta Iberdrolak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Asis Canalesekin batera. 240 gonbidatu baino gehiago izan dira ekitaldian, horien artean, Iberdrolak Espainian kolaboratzen duen konpainia hornitzaileetako ordezkari ugari.

Mario Ruiz-Taglek hornitzaileen beharra azpimarratu nahi izan du: "Euren lana, konpromisoa, dedikazioa eta eguneroko jardunik gabe ezingo genuke enpresa arduratsua eta iraunkorra izaten jarraitu", azpimarratu du. Era berean, gogorarazi du konpainiak Espainian egingo duen inbertsioa 6.000 milioi eurotik gorakoa izango dela 2025ean, eta horrek 85.000 laguni eragingo diela.

Zehazki, 2021ean, Iberdrolak 2.405 milioi euro baino gehiagoko erosketak egin zizkien Espainiako 4.400 hornitzaileri, ekipamenduekin, materialekin, obrekin eta zerbitzuekin lotuta. Erosketa horien %84 tokiko hornitzaileei egin zitzaien, horietako asko ETEei; ehuneko hori bat dator taldeak munduan duen batez bestekoarekin.

2022an, berriz, lehen 10 hilabeteetan, Espainian hornitzaileei fakturatutako bolumena 2.000 milioi ingurukoa da eta zifra horiek, Iberdrolak azpimarratu duenez, "indartu egiten dute konpainiak tokiko hornitzaileen garapenaren eta zeharkako enpleguen sorreraren alde egindako apustua".

2023-2025 aurreikuspenen arabera, Espainian inbertsioak 6.000 milioi eurotik gorakoak izango dira hiru urtean. 2030erako Iberdrolaren jarduerek mundu mailako 500.000 lanpostu baino gehiago babestuko dituzte hornikuntza-kate osoan. Kopuru horretatik, 85.000 enplegu baino gehiago Espainian egongo dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK