Orain urte batzuk alde egin zuen Ibermaticak Euskal Herritik eta 2026an itzuliko da, atzo itxi baitzuen Eusko Jaurlaritzak, BBKk, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik osaturiko partzuergoak Ayesa Digital enpresa erosteko operazioa. Azken hilabeteetan buru-belarri ibili da Jaurlaritza Andaluziako konpainiaren dibisio teknologikoa erosi nahian, eta azkenean 480 milioiren truke erosiko du. hainbat finantza eragileekin batera.
Ibermatica Euskal Herrira itzuliko bada ere, Mikel Jauregi Industria sailburuak oraindik ez du zehaztu egoitza nagusia non izango duen. 2013an, Kutxabank taldeak enpresaren kontrola ProA Capital funtsaren esku utzi zuenean, egoitza nagusia Donostian zuen. Aitzitik, baliteke egoitza berria Bizkaian izatea, BBK Fundazioa baitago jabe berrien artean.
Ayesaren jabeekin, A&M Capital Europe eta Manzanares familiarekin akordioa lortuta, transakzioa datozen hilabeteetan ixtea espero du Jaurlaritzak. Aldi berean, partzuergoan beste bazkide batzuk sartzeko aukera ere aurreikusten du, tartean, Vital Fundazioa, zeina eragiketan parte-hartzea aztertzen ari den.Jauregik zehaztu du bazkide gehiago bilatzen jarraituko dutela, funts pribatuak tartean. Gogoratu beharra dago Kutxa Fundazioak operazioan sartzeari uko egin ziola.
Egun, Donostian eta Zamudion ditu Ibermaticak lan zentro nagusiak, eta guztira 2.000 langile baino gehiago ditu Euskal Herrian. Jauregiren arabera, erosketa honek "lasaitasuna" bermatuko die beharginei. Era berean, nabarmendu du Ayesa konpainia estrategikoa dela eta lagungarri izango dela euskal industriarentzat, lehiakorrago bihurtuko duten “bazkide teknologikoak behar dituelako”.
Enpresaren egungo zuzendaritza mantenduko dutela ere jakinarazi du Jaurlaritzak, eta Jose Luis Manzanares Ayesa Digitaleko zuzendari nagusiak ere bere karguan jarraituko du, “trantsizioa amaitu arte”.