Ibermatica Sevillako Ayesa enpresak erosi du

Egoitza EAEn mantenduko duela iragarri du teknologia enpresak. Salmentari esker, bi enpresen fakturazioa 600 milioi eurokoa izatera igaroko da

Argazkia: Ibermatica/Wikimedia commons Argazkia: Ibermatica/Wikimedia commons

Ibermaticak jabe berri bat izango du: Ayesa teknologia eta ingeniaritza zerbitzuen Sevillako hornitzaileak enpresaren % 100 erosi du, ProA Capital inbertsio funtsak eta gainontzeko akziodun txikiagoekin —tartean Kutxabank eta ONCErekin— salmenta akordioa itxi ondoren. Andaluziako konpainiak komunikatu batean adierazi duenez, baina, Ibermaticako egoitza soziala EAEn mantenduko da. Transakzioa urte bukaera baino lehen ixtea espero dute Sevillakoek, agintaritza eskudunek erosketa onartzeke baitago.

Ibermatica enpresa handi eta administrazio publikoen digitalizazioan aritu ohi da, software eta azpiegituren garapen eta mantenuan, baita adimen artifizialean, datuen analitika aurreratuan eta zibersegurtasunean ere. 1973an sortua, 2021ean 272 milioi euroko fakturazioa zuen, eta 4.750 langilerekin itxi zuen urtea. 2013tik ProA Capital izan du akziodun nagusi, akzioen % 55rekin, nahiz eta hainbat urtetan konpainia saltzen saiatu den. Egun akziodun txikiagoa izanik ere, Kutxabankek zeregin handia izan zuen Ibermaticaren hastapenetan. Akzioen % 47,97 izatera heldu zen. Gerora % 32 saldu zuen, eta gaur arte % 15 mantendu izan du. 

Juan Ignacio Sanz Ibermaticako zuzendari orokorrak azpimarratu du erosketa honen bitartez "salto kualitatiboa" emango dutela, "hazkunde prozesuan dagoen enpresa proiektu batera gehituta". Izan ere, Ibermatica ez da konpainiak aurten erosten duen lehen enpresa, Espainiako M2C eta Irlandako ByrneLooby enpresak eskuratu baititu, salmenta kopurua 322 milioira handituz. Ayesak azaldu duenez, erosketa honen bitartez, "gaitasun teknologiko handiko eta sarbide sektorial zabaleko talde bat" sortu nahi du, eta "Espainia osoan inplementazioa" lortu. Hazkunde estrategia horretan gako izan da 2021ean A&M Europe Capital inbertsio funtsak Ayesaren kapital sozialaren erdia baino gehiago erosi izana, indarra ez ezik, funtsak ere eman baitzizkion. Sevillako enpresak 2021ean 282 milioi euroko fakturazioa izan zuen, aurreko urtean baino % 11 gehiago, eta 24 milioiko Ebitda, aurreko urtean baino 2 milioi gehiago. Erosketa horiek enpresaren Ebitda 30 milioitara igotzea eragin dute. Gainera, bi enpresen arteko fakturazioa 600 milioi eurokoa izatera igaroko da, 11.000 langilerekin.

Informazio gehiago
Bilbomática enpresa erosi du Galiziako Altia Taldeak
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK